Arrankudiaga-Zolloko Udalak parte hartzerako anbiziozko prozesua abiatu du, bi azpiegitura komunitario nola eraberritu erabakitzeko. Zehazki, Zolloko Udaletxe zaharra eta Atxetako Txokoa dira konponduko diren higiezinak.
Hain zuzen, Zolloko eraikinak behar du esku hartze sakona -teilatua, besteak beste- eta tokiko erakundeak guztiz berritzeko asmoa dauka. Horretarako, zolloarren iritzia jaso nahi du, argitzeko zein erabilera eman behar zaion tokiari eta nola banatuko den espazioa xede horrekin.
"Egun, Zolloko elkarteek eta taldeek baliatzen dute udaletxea euren bilerak eta jarduerak egiteko. Horrez gain, bestelako ekintzak badaude, adibidez, pilatesa. Dena den, eremu hori ez da Udalak duen jabego bakarra, alboan dagoen jatetxea eta goian dauden eskola zaharrak ere aintzat hartu behar dira hausnarketan. Prozesuaren azken helburua da lokalek balio izatea Zolloko herri bizitza hauspotzeko. Horregatik da hain garrantzitsua herritarren parte hartzea, eurek baliatuko baitute lekua", adierazi du Txutxi Ariznabarreta alkateak.
Bestalde, Atxetako Txokoan ere eragin nahi du tokiko erakundeak. "Lokal hori gehiago erabiltzeko aukera dago, baina lehenik eta behin erabaki behar dugu zertara bideratu nahi duten atxetarrek, obrak horretara moldatzeko. Gainera, udalak beste higiezin bat dauka han eta horri buruz ere eztabaidatu behar da" azaldu du Ariznabarretak.
Parte hartzerako prozesua
Egitasmoa gidatzeko Hiritik At! kooperatibaren zerbitzuak kontratatu ditu Udalak eta, zenbait elkarrizketa egin ostean herritar jakinekin, bilerak deitu dituzte biztanleekin ideiak eta iritziak trukatzeko. Zollori dagokionez, lehen hitzordua igandean izango da 12:00etan udaletxe zaharrean bertan. Hasteko, lokalak hartuko duen programari buruz arituko dira. Azaroaren 6an, ordu eta toki berean, arkitektura diseinua landuko dute. Azkenik, abenduaren 2an emaitzak aurkeztuko dituzte, 18:00etan.
Internet bidez ekarpenak egiteko aukera emango dute ere, hemen.
Atxetako Txokoaren kasuan, urriaren 25ean, asteartean, jardungo dira egoitzak hartuko dituen ekintzei eta espazioaren banaketari buruz. Azaroaren 29an azalduko dituzte egitasmoaren emaitzak, 18:30ean.
Kasu honetan ere, iritzia modu telematikoan adierazteko aukera egongo da, hemen.