Azaroaren 5ean, larunbatean, izango da IX. Arrankudiaga-Zollo Trail lasterketa. Antolatzaileek egun osoko egitaraua prestatu dute adin eta gustu guztietarako. Txakurkrosa, umeen krosa, trail lasterketa luzea eta laburra, bazkaria eta musika egongo dira herriko bazter guztiak girotzeko.
10:00etan Garondo auzoan emango diote hasiera egunari II. Txakurkros lasterketarekin. Hori baino lehen, aldiz, dortsala jaso eta albaitarien eta materialaren kontrola igaro beharko dute herriko plazan (Garondotik 200 metrora). Lasterketa hau Euskadiko Txakurkros Ligaren barruan dago eta 6 kilometroko luzera eta 240 metroko desnibel positiboa ditu. Irteera eta helmuga leku berean izango dira. Izena sportmaniacs.com helbidean eman behar da, eta prezioa 12 eta 20 euro artekoa da.
Eguerdian haurren txanda izango da. 12:30etik aurrera Iberlandako Javier Escalza futbol zelaian kategoriaka arituko dira 7 eta 14 urte arteko haurrak. Kros formatua izango du norgehiagokak. Adinaren arabera, distantzia desberdinei egin beharko diete aurre (300 eta 1.900 metro artekoak) eta horren moldera ere banatuko dituzte sariak. Nolanahi ere, antolatzaileek gogorarazi dute parte-hartzaile guztiek oparitxoa jasoko dutela. Izen-emateak egunean eta tokian bertan izango dira lasterketak hasi baino lehen.
Eguerdian nahi duen orok Gizarte Etxean bazkaltzeko aukera izango du. Bost euroren truke pasta eta postrea banatuko dituzte 14:00etan. Horretarako, azaroaren 3a baino lehen lasterketaren webgunean izena eman beharra dago.
Jarraian hasiko dira ohiko bi trail lasterketak: 15:30ean luzea eta 15:35ean laburra. Lehenak 15,5 kilometroko luzera eta 740 metroko desnibel positiboa izango ditu eta bigarrenean parte hartzen dutenek 6,7 kilometrotan eta 260 metroko desnibelarekin egin beharko dute korrika. Antolatzaileek adierazi dute ibilbidea pixka bat aldatu dela, baina “betiko esentzia" mantenduko dutela. Lasterketa luzea Basakoetxe auzotik igaroko da urtegirantz, Zollotik igaro baino lehen. Helmuga, beti bezala, Arrankudiagako plazan egongo da. Batean zein bestean, sportmaniacs.com helbidean eman beharko dute izena parte hartu nahi dutenek.