Iñaki Olabarriak -Jabatak - irabazi du Naufragoak telebista lehiaketa. Kariben izan zen udan lehiatzen, eta asteartean emititu zuen ETB1ek finala. Aiaraldea Komunikabideari adierazi dionez, oso esperientzia polita izan da: "Han ezagututako jendearekin geratzen naiz: Xabi, Xuban, Naroa, Ainhoa... Kalean ere mantenduko dugu laguntasuna. Aldi berean oso bizipen edo esperientzia gogorra da: denbora guztian daude erronka fisiko eta mentalak".
"Alde fisikoa prestatua neraman, baina mentalki egunerokoan ez ditugu baldintza horiek: oso gogorra da apenas janari eta arropa gutxirekin egotea"
Ondo prestatuta joan zen arren, mugak ezagutzeko balio izan dio abenturak: "Alde fisikoa prestatua neraman, baina mentalki egunerokoan ez ditugu baldintza horiek: oso gogorra da apenas janari eta arropa gutxirekin egotea".
Helburu gisa abentura osoa bizitzea jarri zion bere buruari, "horrek finalera heltzea suposatzen zuen, eta lortu nuen. Nire maila onena eman nahi nuen, eta irabazteko balio izan zidan. Oso pozik nago".
Irabazi zuen uneaz gogoratzean, jende askoz oroitu da: "Momentu horretan jende askorekin oroitzen zara: urte asko dira Conquis programara aurkezten nabilena, eta momentu on zein txarretan asko animatu naute".
Etorkizunera begira, El Conquistador del fin del mundo saiora joateko asmoarekin jarraitzen du. "Espero dut Naufragoak programa irabazteak Conquiserako ateak irekitzea".
Aurten ez da aurkeztu, ordea: "Naufragoakekin nahikoa izan nuen, ez zidan denborarik eman errekuperatu eta prestatzeko; eta atseden hartzea erabaki nuen. Hurrengo urterako prest egongo naiz, deitzen banaute hara joango naiz".