Zein balorazio egiten duzue Udalean amaitzear den urtearen inguruan?
Balantze oso ona. Besteak beste, Arrankudiagako plaza ingurua eraberritzeko obrak hasi ditugu, beste hainbat obra txiki ere burutu ditugu, herriko hainbat eragilerekin hitzarmen berriak sinatu ditugu, udal ikastaroetan ehun lagunetik gora aritu dira, jai guztiak oso ondo egon dira...
Nola doa Oxinburu eraikineko obra?
Legealdi honetako obra nagusia izan da, bizitza soziokulturalerako azpiegitura izango dena. Amaitzear dago eta dagoeneko ordainduta, ez dugu inolako zorrik. Beraz, eraikin publikoetan obra berriei ekiteko baldintzetan gaude, eta bi parte-hartze prozesu egiten ari gara zenbait proiektu zehazteko.
Zeintzuk?
Bata, Zollon, udaletxearen eraikina eraberritu eta zer ekipamendu komunitario jarri erabakitzeko. Bestea, Arrankudiagako Atxeta auzoan, bertako udal lokal sozialean zenbait egokitzapen egin eta jarduera soziokulturala suspertzeko plana erabakitzeko. Parte-hartze handia izaten ari da eta proiektu zehatzak izango dira bi prozesuen emaitzak.
Iaz, Iberlanda parkeko argiteria berritu ondoren, gunea proiektu berriekin osatzeko asmoa adierazi zenuten. Zertan da?
Iberlandan parke eder bat, umeentzako jolasgunea, ariketa fisikoa egiteko zenbait tresna, futbol zelaia, erabilera anitzeko kantxa eta udal taberna ditugu. Orain, beste bi proiekturekin osatuko dugu: pum track pista bat eraikiko dugu futbol zelaiaren ondoan eta kalistenia gunea jarriko dugu parkean bertan integratuta. Bi instalazio hauek herriko ume eta gaztetxoentzat dira batez ere, garrantzi handia ematen diogulako adin horietan herrian berton sustraitzeari, eta aisialdiak eragin handia du horretan.
Zer gehiago behar da gazteak herrian errotu daitezen?
Etxebizitza politika egokia behar da. Alor horretan, Baserrien Inbentarioa eta Ordenantza onartu berri dugu. Horren bitartez, katalogatu ditugun 67 baserrietan 75 etxebizitza berri egokitzeko aukera zabaldu dugu. Oso garrantzitsua da gure auzo eta landa gunea era orekatuan garatzeko eta biziberritzeko.
Horrez gain, hurrengo legealdirako bi proiekturen oinarriak jarri ditugu. Alokairu sozialeko etxebizitzak eraikiko ditugu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin egin dugun hitzarmen baten bitartez. Jarraibide administratiboak eta proiektua 2023an diseinatuko dira eta 2024an eraikiko dira. Aldi berean, 12 etxebizitza eraikiko dira, Arrasate Kooperatibarekin adosten ari garen hitzarmen baten bitartez. Urtarrilean aurkezpen publikoa egitea espero dugu.
Eta jarduera ekonomikoaren alorrean, zer duzue esateko?
Gure udalerrian ez daukagu industriarako lurzoru berririk eta daukaguna mimatu eta bultzatu behar dugu. Bakiola industriagunean daukagu kontzentratuta gure industria ia guztia. Berriki, hitzarmen berri bat sinatu dugu. Beste batzuen artean, dirulaguntza bat bideratuko dugu industriaguneko azpiegitura eta zerbitzuen hobekuntzarako eta Bakiolako enpresek euren enplegu eskaintzak lehenengo Udalera bideratzeko konpromisoa hartu dute, Udalaren kudeaketaren bitartez Arrankudiaga eta Zolloko auzotarren aukera lehenesteko.
Klima krisiari aurre egiteko, zer egin dezakete udal txikiek?
Aldaketa kimatikoa errealitate bat da. Goi mailako erabaki guneetan eta estatuen arteko gailurretan ezer gutxi egiten den arren, behetik gora egoerari aurre egiten hasi behar dugu eta udalok konpromiso eta egitasmo zehatzak gauzatzeko ordua da.
Urratsik egin duzue alor horretan?
Argiteria publiko osoa led sistemara pasatu dugu eta aurrerantzean koadro elektriko guztiak berriztuko ditugu. Autokontsumorako eguzki plaka fotovoltaikoak jarri ditugu eskolako teilatuan, udal eraikin guztiak argindar kontsumoaz hornitzeko. Hobari handiak jarri ditugu ordenantza fiskaletan arlo pribatuan plakak jartzea bultzatzeko eta auzotar askok aukera baliatu dute. Horrez gain, udal eraikinen klimatizazio efizientea lortzeko proiektuak prest ditugu aurrerantzean gauzatzeko; eta Herri Basoen Inbentarioa eta Kudeaketa Jasangarrirako Plana burutu dugu, 500 hektareatik gorako lurzoru kopuruari eragiten dion 20 urterako plana.