Eguen Zuriren abestia entzun da gaur Arrankudiagako hainbat txokotan, eskolako umeek auzune batetik bestera eraman baitute.
Ohitura horrek, aratusteen aurreko ostegunean ospatzen denak, umeen protagonismoa du. Hain zuzen, makilekin lurra joz, txikiek Eguen Zuriko abestia kantatzen dute dirua eskatzeko.
Eguen zuri ospatu dute gaur Arrankudiaga-Zolloko eskolako ikasleek eta etxez etxe aritu dira abesten eta dirua eskatzen.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) February 16, 2023
🎥Txomin Egiluz pic.twitter.com/1jJYqGDhnD
Antzina jakiak jasotzen zituzten, baina aspaldi dirua biltzeari ekin zioten. Ikasleek saskia, oilarra eta horren estandartea -Pedro Mari Bidania margolariak 1966an sortua- daramate gainean eta etxez etxe gelditzen dira abesteko.
Arrankudiaga-Zolloko eskolari esker iraun du ohiturak eta urtero ospatzen dute. Abestia honako hau da:
Eguen zuri egune
kolore ederreko egune
mendi gainean lainu parduak
eta azpian eguzki zuria
Herri honetako neska-mutilak
zuen aurrera gatoz gaur
triparentzako eskatzen dogu
solomorik ahal badozu
Oilar gorria ta bai ederra
ta gure palu daukagu
honentzat ere eskatzen dogu
zeredozer ahal badozu
Etxeko andrie begire dago
zeruko aingeru dirudi
errukitu gugaz eta ahal badozu
ogerlekotxu bat emoiguzu
Orain hemendik bagoaz eta!!
agur hurrengo artian
agur hurrengo artian
osasun onagaz bizi. Eup!!
Argazkiak: Txomin Egiluz