Arrankudiaga-Zollo, UEMAren 100 udalerrien langa gainditzeko prest

Jone Gartzia Gerra 2023ko mar. 16a, 11:00

Arrankudiaga-Zollo, Etxebarria, Arruazu eta Doneztebe izango dira UEMAko lau kide berriak. / UEMA

Martxoaren 25ean, larunbata, lau udal berri batuko dira UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera, tartean Arrankudiaga-Zollokoa. Ospatzeko, UEMA eguna ospatuko dute herrian hurrengo egunean, martxoaren 26an.

Datorren astean lau udal berri batuko zaizkio Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari, UEMAri: Bizkaiko Arrankudiaga-Zollo eta Etxebarria eta Nafarroako Arruazu eta Doneztebe. Sartze berri horiekin, 100 udalerriko langa gaindituko du UEMAk, orotara 101 udalerriko taldea izatera iritsiko baita. Horrek esan nahi du 305.000 biztanleko lurgunea osatuko dutela aurrerantzean udal guztien artean.

Asteartean -martxoak 14- agerraldia egin zuten Arrankudiaga-Zolloko, Etxebarriako, Arruazuko eta Doneztebeko alkateek UEMArekin batera, Arruazun. Bertan, Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak azpimarratu zuen “une historikoa” dela egungoa eta lau sartzeek “UEMAren lurgune euskaldunak duen zabaltasuna” adierazten dutela. Izan ere, aipatu zuen egun soziolinguistikoki oso anitzak diren udalerriek osatzen dutela UEMA, euskararen ezagutzari eta erabilerari dagokionez. Nabarmentzekoa da biztanleen %70ak euskaraz dakien Hego Euskal Herriko udalak batzen dituela mankomunitateak.

Batzar Nagusia eta ospakizuna

Lau sartze berriak martxoaren 25ean bihurtuko dira ofizial, UEMAk Azpeitian egingo duen Ezohiko Batzar Nagusian. Batzarraren ostean, ekitaldia egingo dute herriko Soreasu Antzokian. Ilaski Serrano eta Antton Telleria kazetariek aurkeztuko dute eta oholtza gainean zuzenean ariko dira Ines Osinaga eta Estitxu Pinatxo musikariak, Elene Carreto eta Ioar Labat dantzariak, Jon Maia bertsolari eta musikaria eta Imanol Epelde irakasle, musikari eta youtuberra, besteak beste. EITBk zuzenean eskainiko du saioa eta Berria egunkariak gehigarri berezia argitaratuko du bezperan, martxoaren 24an.

Festa ez da soilik Azpeitian geratuko, ordea. Biharamuna alaitzeko, Arrankudiaga-Zolloko Udalak UEMA festa antolatuko du herrian bertan martxoaren 26an, igandean. 12:00etan izango da ekitaldia Elexalde plazan eta kale animazioak eta herri bazkariak zein bazkalosteak girotuko dute eguna.

Joxe Mendizabalek alaituko du kantuz bazkalostea, eta bazkarian izena emateko epea igande honetan bertan amaituko da -martxoaren 19an-. Gizarte Etxean, Batzokian, Ekilore dendan eta Iberlanda tabernan eman daiteke izena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide