Arrankudiaga-Zollo bisitatu du ETB1eko Herri Txiki Infernu Handi saioak. Iragan ostegunean egin zuten grabatutako elkarrizketen proiekzioa Arrankudiagako plazan, herritarren erreakzioak jasotzeko. Ehundik gora bizilagun bertaratu ziren Mikel Pagadi eta Miren Nogales aurkezleek eta Sebastian Lizaso bertsolariak dinamizatutako ekitaldira, eta barreak izan ziren nagusi proiekzio osoan zehar.
Pagadi eta Nogalesek aurreratu dutenez, maiatzaren 14an emitituko da saioa ETB1en, 22:30ean. Udalerriko hainbat bizilagun agertzen dira saioan, Etxebarria aita-seme trikitilariak edota Itziar Duoandikoetxea alkate ohia, besteak beste.
Arrankudiaga-Zollokoarekin, hiru dira orain arte Herri Txiki Infernu Handi saioak Aiaraldean grabatu dituen atalak. Aiaran egin zuten lehena, 2016ko urrian, eta handik bi hilabetera grabatu zuten Orozkokoa. 2020ko urrian, aldiz, Artziniegara bertaratu ziren.