Hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia hartu zuen atzo Arrankudiagako Batzokiak eta horretarako goiko solairua bete zen alderdikidez zein alderdizalez. Urtzi Vergara alkategaiaz gain, Pedro Azpiazu sailburuak eta Josu Beaskoetxea aurreko zerrendaburuak hartu zuten hitza.
Hain zuzen, Beaskoetxeak abiatu zuen mitina, eta azpimarratu zuen Vergarak indartsu ekin diola alkatetza lortzeko eginkizunari eta talde polita batu duela horretarako. Beaskoetxearen aburuz, Vergara da herritar egokiena egungo gobernu taldearen inmobilismoarekin amaitzeko.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun Sailburuak nabarmendu zuen aurreko hauteskundeetan zazpi botorengatik baino ez zela geratu Beaskoetxea alkatetza lortzetik. Horregatik, nahiz eta argi izan oraingoan Vergarak irabaziko duela, alderdikide eta alderdizaleei luzatu zien bozkatzeko deia zabaltzeko beharra.
Azkenik, Urtzi Vergarak berak hitz egin zuen eta aipatu zuen EH Bilduk ez duela izan proiekturik bukatzen ari den legealdian: "hobe esanda, proiektu bakarra izan dute, Oxinburu". Horren aurrean, hautagaiak mahai gainean jarri zituen EAJk garatu nahi dituen egitasmoak: "Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorroraren berrikuntza burutzea (hazkundea bermatzeko eta mugikortasun jasangarri sustatzeko), Uribarri eta Iberlanda lotzea espaloia eraikita, Nerbioiko Parke Lineala herrian sustatzea, etxebizitza publiko zuzena eraikitzea, gobernantza eredua berria ezartzea eta tasa eta zergak izoztea".
Vergarak argitu zuen jeltzaleen programa luzea eta mamitsua dela. Horregatik, bi modutan helduko da etxeetara; bere osotasunean alde batetik, eta proiektu nagusienak laburbilduta bestetik.