Azken urteetako egitasmoak defendatu eta gehiago martxan jartzeko asmoa iragarri du Arrankudiaga-Zolloko EH Bilduk

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mai. 22a, 21:00

Koalizioak ekitaldia egin zuen atzo eguerdian Arrankudiagako plazan, eta Txutxi Ariznabarreta alkategaiak hartu zuen hitza. 

Atzo eguerdian izan zuen Arrankudiaga-Zolloko EH Bilduk hauteskunde kanpainako zita nagusia, Arrankudiagako plazan. Musikarekin hasi zuten ekitaldia, udalerriko hainbat musikariren eskutik. Ondoren, Txutxi Ariznabarretak hartu zuen hitza, gainontzeko zerrendakideak atzean zituela. 

Koalizioaren alkategaiak amaitzear dagoen legealdia errepasatu zuen lehenbizi. Nabarmendu zuen ez dela garai erraza izan, pandemiaren, erregaien krisiaren zein krisi ekonomikoaren ondorioz. “Guzti horrek, egia esan, kristoren aberia egin zigun, eta gauza batzuk atera dira, parte-hartze plana, adibidez; nahiz eta legealdi amaieran ekin diogun parte hartze prozesu batzuk garatzeari”, aitortu zuen zerrendaburuak. 

Oxinbururen finantzaketa hizpide

Jarraian, Oxinbururen egitasmoaz mintzatu zen Ariznabarreta. Proiektua atzeratu den arren, egungo alkateak iragarri zuen “aurreikusitakoa baino lehenago” amaituko dela azkenean, “hasieran bi fasetan aurreikusita zegoelako eta fase bakarrean egingo delako azkenean”. 

Kultur espazio berri horren finantzaketa ere izan zuen hizpide: “Batzuk esan dute Oxinbururen proiektua salbatu egin dugula dirulaguntzei esker. Ba, noski baietz, baina gure kasuan dirulaguntzak ez dira zerutik erortzen. Proiektuak aurrera ateratzeko alkandora izerditu behar da”. 

Horri lotuta, alkategaiak nabarmendu zuen Europako funtsen deialdira 1.000 proiektu inguru aurkeztu zirela eta Oxinbururena 13. postuan geratu zela. Gainera, gogorarazi zuen udaletxeko idazkari-interbentorea hainbat asteburutan joan zela Madrilera, funtsak kudeatzen ikasteko saio batzuetara. Bide batez, aukera hori baliatu zuen Ariznabarretak Udaleko langile guztiei eskerrak emateko, euretaz “harro” dagoela eta legealdian zehar “lan-dinamika ederra” sortu dela goraipatuta. 

Alkatearen soldata eza

Ondoren, bestelako gai bat ere jorratu zuen Ariznabarretak: alkatearen soldata eza. “Nire belarrira iritsi dira komentarioak, diotenak zerbait jasotzen dudala nahitaez, udaletxean egunero nagoela kontuan hartuta”. Horregatik, Ariznabarretak ziurtatu zuen ez berak ez beste zinegotziek ez dutela inoiz soldata edo dietarik kobratu, eta autoko gasolinaren dirua ere bere poltsikotik ateratzen dela. “Zergatik egiten dugu lanorduan? Ba sudur puntan jartzen zaigulako, militantzia eta konpromisoagatik, askoz zoriontsuagoak garelako horrela”. 

Datozen lau urteetarako dituzten proiektuak ere aletu zituen zerrendaburuak, baina baita erronka edota mehatxuak ere, ur saneamendua, mugikortasuna edota Eusko Jaurlaritzak inguruko mendietan planteatutako parke eolikoak kasu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide