Zer moduz? Nola jaso duzu emaitza?
Emaitza oso ona da, lan handia egin dugula uste dut, eta horrelako emaitzak eskertzen dira. Sarritan gertatzen da udalgintzan ere, nahiz eta lan egin, emaitzek gero ez laguntzea, eta frustragarria izaten da. Kasu honetan, gogotsu lan egin dugu, eta emaitza oso ona da.
Zer balorazio egiten duzu lortutako emaitzaren inguruan?
Aurrera begira baditugu hainbat proiektu, eta honek ematen dizu jendearen konfiantza aurrera egiteko. Bestalde, oso positiboa da, zerrendakide guztiak oso konprometituak daudela, elkarrekin lan egin dugu, eta talde zabal bat dugu udalgintzarekin konprometituta, kohesionatuta... Kimika ederra sortu da gure artean, eta hori ere oso garrantzitsua da aurrera begira.
Orain dela lau urte, zazpi botoko aldea egon zen EAJren eta EH Bilduren artean. Oraingoan, aldiz, gora egin duzue nabarmen eta EAJk behera egin du. Zein balorazio egiten duzue emaitza hauen inguruan?
Ikusten dugu jendearekin konektatu egin dugula. Herri txikietan egiten duzun lana herritarrek nabarmen ikusten dute. Guk kanpaina etxez-etxe egiten dugu, mundu guztiarekin berba egiten dugu, herriko jende guztiagaz egon gara, eta nik nabaritu nuen, bai, konfiantza egon bazegoela gure proiektuan, egin dugun horretan eta egin nahi dugun horretan. Gaurko emaitzetan hori ikusi da, sentsazio horiek egia bilakatu dira eta zentzu horretan oso pozik gaude. Garrantzitsua da lan egitea, bai, baina are eta garrantzitsuagoa da jendeak ikustea, ulertzea eta eurekin konektatzea, eta nire ustez hori lortu dugu eta zentzu horretan oso pozik nago.
Bukatzeko, zer mezu helarazi nahiko zenieke herritarrei?
Momentu honetan oso emozionatuta nago... Eskerrak eman nahi dizkiot jendeari, hau aurrerapauso kolektibo bat da, eta egin dugun lana ere, modu kolektibo batean egin dugu. Emaitza hain onak ateratzeak emozionatu egiten nau. Eskerrak eman nahi dizkiet Arrankudiaga-Zolloko herritar denei, gure lanarekin aurrera jarraitzeko indar berria eman digutelako. Denok maite dugun Arrankudiaga eta Zollo egiten jarraituko dugu. Zorionak eta eskerrik asko Aiaraldea komunikabideari tarte hau eskaintzeagatik.