Ohitura zaharra da Arrankudiaga-Zolloko auzokideen artean uztaileko bigarren igandean Basakoetxera igo eta bertan erromeria ospatzea. Egitaraua ere, antzeko xamarra izaten da urtez urte.
Goizean goiz, 10:00etan, txupinazoa jaurtiko dute eta arratsaldera bitarte askotariko ekintzak antolatuko dituzte bertaratzen diren guztien gozagarri.
Eguerdian haurrentzako ohe elastikoak jarriko dituzte eta 12:30ean lehiaketa gastronomikoetan izena emateko tartea irekiko dute, hau da, arroz eta patata tortilla txapelketetan. Gizarte Etxeak antolatuko du norgehiagoka. Ordu erdi geroago, 13:00etan, meza izango da eta 15:00etan bazkaltzeko tartea hartuko dute festa zaleek.
Segidan, 15:30etik aurrera, erromeriak girotuko du Basakoetxe ingurua. Hau izan ohi da jaietako protagonista nagusia eta 18:00ak arte luzatuko da. Ordu horretan emango diote amaiera jaiari.
