Tren geltokietako irisgarritasunaren alde mobilizatu ziren Arrankudiaga-Zolloko bizilagunak Bilbon

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko uzt. 22a, 10:31

Arrankudiaga-Zolloko bizilagunek ere parte hartu zuten mobilizazioan. / Aiaraldea.eus

Fekoor elkarteak deituta, mobilizazioa egin zuten ostiralean Bilboko Plaza Biribilean, Renferen aldirietako tren geltoki guztietan irisgarritasuna eskatzeko. Bertan izan ziren Arrankudiaga-Zolloko zenbait bizilagun ere.

"Renfe aldiriak ez gaitu hurbiltzen" lemapean dozenaka lagun mobilizatu ziren ostiralean Bilboko Plaza Biribilean, Bizkaiko tren geltokietako irisgarritasuna exijitzeko. Fekoor elkarteak deitu zuen mobilizazioa, Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak.

Ostiralean egindako elkarretaratzean salatu zuten Bizkaiko 44 tren geltokietatik 16 baino ez direla irisgarriak. "Mugikortasun-, komunikazio-, ikusmen- edo entzumen-arazoak dituzten 10.000 pertsonak baino gehiagok ezin izan dute eta epe laburrean ezin izango dute RENFE Aldiriak erabili lurralde historiko horretan, ez baitago inolako tren irisgarririk eta ez baita beren sarbidea errazteko beste sistema alternatiborik erabiltzen", azaldu zuten mobilizazioaren deitzaileek.

Maria Luisa Goikoetxea urduñarraren borroka ere izan zuten gogoan. Renfek duela bost urte egin zituen proba pilotuak Goikoetxearekin, eta Espainiako Senatuak duela hilabete gutxi adierazi zuen irisgarritasuna bermatzeko konpromisoa. Halaber, oraindik ere 12.000 lagun garraio publiko inklusiborik gabe bizi direla salatu du Fekoor elkarteak.

Hori dela eta, epe laburrean beharrezko neurriak hartzea eskatu zuen Fekoorrek; "herri eta auzoetako biztanle guztiei zerbitzua emango dien trenbide-sare irisgarri bat izateko, haien egoera fisikoa, psikikoa edo sentsoriala edozein dela ere". Era berean, Javier Gilek, Fekoor elkarteko zuzendariak, gaineratu zuen: "Hauteskunde-promesak buka daitezela, propaganda hutsa baitira; konponbideak berehala nahi ditugu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide