Arrankudiaga-Zolloko XX. mendi martxa egingo dute larunbatean

Jone Gartzia Gerra 2023ko ira. 28a, 10:59
Iazko mendi ibilaldiko argazkia. / Matxinkorta mendi taldea

Matxinkorta mendi taldeak XX. mendi martxa antolatu du. Ibilbideak 35,6 kilometro eta 1960 metroko desnibel positiboa ditu eta Sarrian bukatuko da. Ostean, herrira itzuli eta trikipoteoa, afaria eta The Pushermen taldearen kontzertua izango dituzte zain mendizaleek.

Arrankudiaga-Zolloko XX. mendi martxa egingo dute larunbat honetan, irailaren 30ean. Ibiltariak 07:00etan abiatuko dira oinez eta Untzeta, Bikotxgane, Egiriñao eta Gorbeia mendietako gainak gainditu beharko dituzte Sarriara iritsi aurretik.

Ostean, herrira itzuli eta trikipoteoa izango dute zain 19:30ean. 21:00etan afaria egingo dute Gizarte Etxean indarrak berrartzeko eta jarraian gerriak astintzeko aukera izango dute The Pushermen taldearen musikarekin.

Matxinkorta mendi taldeko kideek gogorarazi dute eguneko hornidura norberaren esku dagoela, hots, bidean ez dela anoa gunerik egongo. Kontuan izan behar da ibilaldia egun osokoa dela. Gainera, antolatzaileek aipatu dute martxa ez dela erregulatuta egongo, ibilbidea ezagutzen duten arduradun batzuk gidatuko dituzte mendizaleak.

Izena emateko 638 513 735 telefonora deitu edo matxinkorta@gmail.com helbide elektronikora deitu beharra dago. Bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta ez-bazkideek 15. Horren barne dago afaria; entsalada, arkumea saltsan, postrea, kafea eta kopa izango dituena.

Urrian trail lasterketa

Mendian korrika aritzea atsegin dutenek beste zita garrantzitsu bat izango dute Arrankudiaga-Zollon aurki. Urriaren 28an, larunbatean, X. trail lasterketa egingo dute eta Txakurkrosak, umeen krosak eta lasterketa nagusiak hartuko dute herria egun osoan zehar. Ohi legez, bazkaria egingo dute Gizarte Etxean eta arratsaldean eta gauean musika eta kontzertuak egongo dira kalean zein Txondor gaztetxean. Lehiaketak webgunea ere badu, jakin beharreko guztiak azaltzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide