Urriaren 28an izango da Arrankudiaga-Zolloko trail lasterketa

Jone Gartzia Gerra 2023ko urr. 2a, 09:00
2017an gehitu zuten txakurkros modalitatea trail lasterketara eta Euskadiko Ligarako puntuagarria da. / Arrankudiaga-Zolloko trail lasterketa

X. edizioa izango da eta ohi gisara txakurkrosa eta umeen krosa egongo dira goizean. Trail lasterketa laburra eta luzea arratsaldean izango dira eta ostean musikaz girotuko dute herria.

Arrankudiaga trail lasterketak hamar edizio beteko ditu aurten. Urriaren 28an izango da txapelketa eguna eta, azken edizioetan bezalatsu, egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek.

Pentsatzekoa den bezala, kirol probek izango dute nagusitasuna urriko azken larunbatean. Lehiatzen lehenak txakurkroseko parte-hartzaileak izango dira, hots, gerritik lotuta aritzen diren korrikalari-txakur bikoteak. Horiek 10:00etan abiatuko dira Garondo auzotik eta 5,9 kilometro eta 290 metroko desnibel positiboa osatu beharko dituzte. 2017an gehitu zuten modalitate hau Arrankudiaga-Zolloko trail lasterketara eta Euskadiko Txakurkros Ligarako puntuagarria da.

Irteera lerroan jartzen hurrengoak haurrak izango dira, Iberlandako Javier Escalza futbol zelaian. Lau mailatan banatuko dituzte eta 12:30etik 13:15era bitartean abiatuko dira txandaka. Txupete kategoriakoek, 2016tik aurrera jaiotakoek, 300 metro egingo dituzte; umetxoak mailakoek, 2014 eta 2015 urteetan jaiotakoek, 700 metro; umeek, 2012 eta 2013 urteetan jaiotakoek, 1.300 metro; eta, irteten azkenek, 2010 eta 2011 urteetan jaiotako gaztetxoek, 1.900 metro osatu beharko dituzte. Korrikalari guztiek oparia izango dute helmugan.

13:00etatik aurrera eta  15:00ak bitarte Gizarte Etxean bazkaltzeko aukera izango dute aldez aurretik izena ematen dutenek eta 16:30ean eta 16:35ean lasterketa luzearen eta laburraren txanda izango da, hurrenez hurren. Irteera eta helmuga herriko plazan izango dute biek.

Lehenek 15,2 kilometro osatu beharko dituzte + 680 metroko desnibelarekin eta bigarrenek 6,6 kilometro eta + 310 metro desnibel. Bi ibilbideak Wickiloc aplikazioan daude eskuragarri eta esteka lasterketaren webgunetik bertatik deskargatu daiteke.

Behin lasterketa guztiak amaituta, 19:00etatik aurrera, musika egongo da kalean eta eta 21:30ean kontzertuak Txondor Gaztetxean.

Lasterketa luzearen ibilbidea (15,2 km, +680m. %32 errepidea, %14 mendi bidezidorra eta %54 mendi bidea)

Powered by Wikiloc

Lasterketa laburraren ibilbidea (6,6 km, +310m. %18 errepidea, %9 bide-zorua, %21 mendi bidezidorra eta %52 mendi bidea)

Powered by Wikiloc

Izen-emateak

Irailaren 10ean amaitu zen prezio murriztuan izena emateko lehen txanda. Ordutik aurrera eta txapelketa egunaren aurreko egunera arte bigarren txanda egongo da zabalik eta egunean bertan izena emateko aukera ere egongo da lasterketa guztietan. Sportmaniacs atarian eskuratu daiteke dortsala, eta Elexalde 23 etxe azpiko ludotekan, plazan, probak hasi baino ordu erdi lehenago arte banatuko dituzte. Umeak egunean bertan soilik apuntatu ahal dira eta haien dortsala dohainik izango da.

Lasterketa guztiak herrikoiak dira, hau da, ez da lizentziarik behar parte hartzeko. Nork bere dortsala eraman behar du, debekatuta baitago dortsalik gabe edo beste pertsona baten dortsalarekin korrika egitea.

Bazkaria

Nahi duen orok Gizarte Etxean bazkaltzeko aukera izango du 13:00-15:00 tartean. Bi menu emango dituzte aukeran zazpi euroren truke eta urriaren 25a baino lehen eman behar da izena lasterketaren webgunean eskuragarri dagoen formularioa betez edo Sportmaniacs atarian bertan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide