Gudari fusilatuen omenaldiak jendetza batu du Arrankudiagako hilerrian

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 15a, 14:25

100 lagun baino gehiago batu dira Uribarri auzuneko hilerrian Ramon Azkue Gorostizaga, Angel Egaña Mendibil eta Gregorio Urkixu Alberdi eusko gudari fusilatuak gogoratu eta goraipatzeko.

Ramon Azkue Elkarteak eta Betiko Lagunak Herritar Taldeak deituta, jende ugari elkartu da Uribarriko hilerrian Ramon Azkue Gorostizaga, Angel Egaña Mendibil eta Gregorio Urkixu Alberdi eusko gudari fusilatuak omentzeko.

Aipamen gehien jaso dituena Ramon Azkue Gorostizaga izan da, bere hilobiaren aurrean antolatu baitute ekitaldia. Berez, gaurko eguna hautatu izana ez da kasualitatea. Izan ere, 1937ko urriaren 15ean erail zuten frankistek arrankudiagarra.

Jeltzalea eta fededun sutsua, Eusko Gudarosteko arduradun nagusia izan zen Azkue eta Santoñan gudariek armak utzi zituztenean, Azkuek nahiago izan zuen eurekin geratzea, ihes egitea baino, aukera izan arren.

Horrekin, nolabait, onartu zuen errepresioa bere gain erori ahal zela eta hala gertatu zen. Duela 86 urte fusilamendu sinbolikoa egikaritu zuten Berriako hondartzan frankistek eta hamalau militante abertzale, sozialista, sindikalista, anarkista eta komunista erail zituzten. Hau da, Eusko Gudarostea osatzen zuten indar politiko ororen ordezkariak hil zituzten.

Beste bi omenduak

Angel Egaña Mendibil Otsanzarrekoa zen. 1914an jaio zen eta 1938ko ekainean hil zuten Valladoliden. Matxinada militarrean parte hartzea leporatu zioten epaitegi militar frankistek. Zehazki, Gorbeian gertatutako bataila batean parte hartzea egotzi zioten. Borroka horretan faxisten agintari bat hil zen. Berez, ez da igandekoa izango Egañak jasoko duen lehen omenaldia. Esaterako, Valladoliden beste 2.650 fusilaturekin batera oroitu zuten.

Gregorio Urkixu Alberdi, berez, Arakaldon jaio zen eta Derion erail zuten 1937ko abuztuan. Bizkaiko minoia izan zen eta Bilboko itsasontzi-espetxeak ez babesteagatik mendeku hartu zuten frankistek.

Ekitaldian Izaskun Trabudua Betikoa Lagunak Herritar Taldeko kideak, Txutxi Ariznabarreta alkateak, Iñaki Garcia Uribek, Iñaki Zarraoak, Iñaki Anasagasti kongresukide jeltzale ohiak eta Urtzi Vergara Ramon Azkue Elkarteko kideak hartu dute hitza.

Gudarien konpromisoa edota omendutako herritarren eta euren ezagun zein lagunen izaera goraipatu dute, eta ez dira falta izan euskal dantzak eta bertsoak ere. Eusko Gudariak abestu ondoren amaitu da ekitaldia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide