Arrankudiagako eskubaloi taldeak bere lehen partida ofiziala jokatu zuen larunbatean

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 25a, 08:30
Arrankudiaga-Zolloko taldea Basaurin jokatutako partidan. / A. S.

Basaurin aritu ziren gazte arrankudiagarrak eta 3-1 galdu zuten neska-mutilek.

Arrankudiaga-Zollon ofizialki esan dezakete eskubaloi taldea dutela. Izan ere, tokiko hamar jokalarik (zortzi neskek eta bi mutilek) euren lehen partida ofiziala izan zuten larunbatean Basaurin Arrankudiaga Eskubaloi Talde gisa.

Lehen jardunaldian jarduera berezia izan zuten eta txapelketan jokatuko duten hamabi taldeak egun eta toki berean lehiatu ziren.

Hastapenak ez direnez errazak, lehen norgehiagoka hori ez zen garaipenarekin etorri eta 3-1 galdu zuten Kurutziaga Ikastetxearen kontra. Hala ere, eskola kirolan bere indarrak neurtuko dituen taldeak ibilbide luzea egin du lehiaketara jo baino lehen.

Hain zuzen, iazko ikasturtean hasi ziren prestatzen eta entrenatzen eta aurten egin dute jauzi Bizkaiko benjamin txapelketara, non eskarmentu handiko klubak izango dituzten aurrean: Kukullaga, Basauri, Barakaldo...

Proiektuaren bultzatzailea Alexander Sánchez Hoya da. Berak hartu ditu entrenatzaile eta kirol arduradun lanak. Sánchez Laudioko Eskubaloi Taldean dabil eta jadanik 30 urte baino gehiagoko ibilbidea bete du jokalari gisa.

Esperientzia horrek eraman zuen bere alaba eta herriko ahalik eta ume gehien kirol horretan buru-belarri sartzera eta hasi berri den denboraldian ikusiko dira emaitzak. Alexander Sánchezen helburu nagusia da umeek talde arima egitea eta gozatzea.

Eskubaloiaren zale amorratua, dena den, ez dago bakarrik proiektuan. Alde batetik, Udalak babestu du jarduera eta kantxa margotu du Arrankudiagako frontoian. Eskolako Guraso Elkarteak ere bultzada eman dio egitasmoari eta Laudio Eskubaloi Klubak entrenatzaileak bidaltzen ditu Sánchezek lan egin behar duenean: "Txandaka egiten dut lan eta beti ezin dut entrenatu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide