Arrankudiaga-Zollok egutegia izango du 2024an eta horretarako herritarren partaidetza sustatzen ari dira herriko guraso elkartea eta Udala. Helburu horrekin antolatu dute tokiko argazki lehiaketaren lehen edizioa, gai hau ardatz hartuta: Familiarekin Arrankudiaga-Zolloko zein txokotara joatea gogoko duzu?
Udaleko, Eskolako, Gizarte Etxeko, Gaztetxeko eta Euskara Batzordeko ordezkariek osatuko dute epaimahaia; 12 argazki aukeratuko dituzte eta bakoitza egutegi batekin sarituko dute. Egutegia abenduan egongo da salgai.
Saridunei azaroaren 27an komunikatu zaie hautatuen artean daudela, posta elektronikoz edo telefonoz. Edonola ere, urtarrilean erakusketa egingo dute lehiaketan parte hartu duten argazki guztiekin.
Parte hartzeko oinarriak
Arrankudiaga-Zollon bizi, ikasi edo lan egiten duten edo udalerrian jaio diren afizionatu guztiek parte hartu ahal izango dute; eta baita herriarekin lotura zuzena duten pertsonek ere. Udalerriko argazkiak baino ez dira onartuko.
Irudiak posta elektronikoz bidaliko dira hurrengo helbidera: arrankudiagampa@gmail.com. Azaroaren 17ra arte jasoko dira lanak, egun hori barne. Argazkiaren kokapena eta egilearen datuak (izen- abizenak eta telefonoa) adierazi beharko dira. Lanak JPEG euskarrian aurkeztuko dira eta horizontalak izan beharko dute. Gutxienez 2 Mb pisatuko du bakoitzak eta gehienez 10 Mb. Gailu mugikorrekin egindako argazkiak ere onartuko dira.
Parte hartzaile bakoitzak originalak izan behar den argazki bana aurkeztu ahal izango du. Editatutako argazkirik ez da onartuko.
Irudiak bidaltzeak berekin dakar lehiaketaren oinarriak onartzea eta parte hartzaileek argazkien eskubideak lagako dizkiete antolatzaileei. Horrek esan nahi du aurkeztutako argazkien edizioa baimentzen dutela, egutegiaren diseinu-beharren arabera.
Jakina, debekatuta dago norberak eginikoak ez diren irudiak aurkeztea, bai eta ezagutu daitezkeen pertsonen irudiak agertzea ere. Ez dira onartuko argazkian dauden pertsonen, animalien, lekuen edo egoeren osotasunari kalte egiten dioten argazkiak, ezta edozein motatako indarkeria sustatzen dutenak ere.