Zolloko taberna kudeatzaile gabe geratuko da abenduaren 31tik aurrera, gaur egungoak zerbitzu hori eskaintzeari utziko diolako. Gauzak hala, lehiaketa abiatu du Udalak kudeatzaile berria topatzeko.
Urtarrilaren 5era arte egongo da eskaintzak aurkezteko epea. Kontratua 5 urtekoa izango da, baina 8 urtera arte luzatzeko aukera egongo da. Kudeatzaileak 302,50 euroko kanona ordaindu beharko dio Udalari hilero, baina eskaintza ekonomikoa hobetetzeko aukera ere izango du.
Horrez gain, zerbitzuaren kalitateari lotutako parametroak ere hartuko dituzte kontuan ebazpena egiterako orduan. Sortuko den lanpostu kopurua, zerbitzarien euskara maila edota tokiko produktuak baliatzea baloratuko dute, besteak beste.
Horrez gain, Udalak zehaztu du taberna asteko bost egunetan egon beharko dela irekita gutxienez, eta asteburuetan ere 10:00etatik 00:00etara eskaini beharko duela zerbitzua. Hala ere, beste parametroetan bezala, interesdunek aukera izango dute ordutegian hobekuntzak proposatzeko.
Arrankudiagako Udaleko Kontratatzailearen Profilean kontsultatu daitezke lehiaketako oinarri guztiak.
Garbiketa eta berriketa lanak urtarrilean
Zolloko tabernak “funtsezko” zerbitzua eskaintzen du, “herrian dagoen leku sozial bakarra delako”. Hala uste du Txutxi Ariznabarreta alkateak, eta horregatik eman diote garrantzia kudeatzaile berriaren bilaketari.
Lehiaketa ahalik eta lasterren ebatzi nahi dute, zerbitzua 2024ko hasieran berrezarri ahal izateko. Hala ere, alkateak aurreratu duenez, urtarrileko lehen asteetan zenbait garbiketa eta berriketa lan egin nahi dituzte eraikinean, espazioa prest uzteko kudeatzaile berriarentzat.
Ariznabarretak azaldu duenez, Zolloko tabernak “aspalditik” darama funtzionamenduan, eta egungo kudeatzaileek ere 15 urte baino gehiago daramate bertan. Gauzak hala, aldaketak iritsiko dira Zollora urte berriarekin batera.