Gaur arratsaldean sute handia piztu da Arrankudiaga-Zolloko Otxanduri auzoan kokatutako eraikin batean. Lau etxebizitza hartzen ditu tokiak eta kalteak handiak izan dira, Txutxi Ariznabarreta alkateak adierazi duenez. Auzunea herriguneko sarreran dago, Bilboko norabidean.
Suhiltzaileekin eta poliziarekin batera, udal ordezkaria ere bertaratu da istripua gertatu den gunera. "Ez dago zauriturik, baina kalteak oso garrantzitsuak dira", azaldu du Ariznabarretak.
Kalte handiak sortu ditu Arrankudiaga-Zolloko Otxanduri auzunean piztu den suteak. pic.twitter.com/MkC5R4tVF3
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) February 1, 2024
19:00etan sua itzalita bazegoen ere, suhiltzaileen lana ez da amaitu. "Gutxienez bi ordu lan egin beharko dute hemen, berriro garrak piztuko ez direla ziurtatzeko", aipatu dio alkateak Aiaraldea Komunikabideari.
Arrankudiaga-Zolloko Udalak bere esku zeuden bitartekoak bideratu ditu larrialdiak iraun bitartean eta bihar arkitektoa bidaliko du. "Udal arkitektoak baloratu beharko du bizilagunei ahalbidetu ahal zaien sartzea euren gauzak jasotzeko edo ezinezkoa den eraikinaren egoeragatik", argitu du Ariznabarretak.