Angel Egaña gudariaren gorpuzkinak Arrankudiaga-Zollon daude jadanik

Aitor Aspuru Saez 2024ko api. 15a, 10:30

Atzo jaso zituen familiak Valladoliden, herriko ordezkaritza instituzional batek lagunduta. Apirilaren 28an egingo diote omenaldia herrian. Ana Redondo Berdintasun Ministroak ere parte hartu zuen ekitaldian.

Atzo hobiratu zituzten Valladolideko El Carmen hilerrian han topatutako 196 fusilatu. Guztira 199 izan ziren, baina Frankismoaren beste hiru eraildakoen gorpuzkinak euren jatorrizko herrietara itzuli dira, eta ez dira memorialean egongo. Horien artean dago Angel Egaña Arrankudiagako gudaria.

Hain zuzen, familiak berak jaso zituen gorpuzkinak eta tokiko erakundearen ordezkaritza zabalaren babesa izan zuen; alkateak ez ezik, EH Bilduko zein EAJko ordezkariek jo zuten Valladolidera. Zenbait herritarrek ere parte hartu zuten.

Ekitaldi hunkigarria

Asociación para la Recuperación de la Memoria Histórica de Valladolid (ARMHV) elkartearen lanak ahalbidetu du hiriko hilerrian dauden hainbat hobi komun irekitzea eta Angel Egañaren identifikazioa. Taldeko kide anonimoek laga zizkieten gorpuzkiak senideei eta hori ekitaldiaren barruan egin zuten.

Txutxi Ariznabarreta alkateak adierazi du "hunkigarria" izan zela eta musika, koplak eta performancea eskaini zietela bertaratutako familiei eta herritarrei. Halaber, Valladolideko zein Estatu Espainiarreko ordezkariak ere egon ziren ekitaldian; hiriko alkatea, unibertsitateko kideak edota Ana Redondo Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministroa.

Omenaldia apirilaren 28an

Arrankudiaga-Zolloko Udalak ere omenaldia eskainiko Angel Egañari apirilaren 28an herriko plazan. Oraindik ez dute guztiz zehaztu, baina zerbait hunkigarria egiteko asmoa iragarri du alkateak. 

Tokiko erakundeak eskatu dio Julio del Olmo Asociación para la Recuperación de la Memoria Histórica de Valladolid (ARMHV) elkartearen buruari Arrankudiaga-Zollora bertaratzea eta Gogora Institutuko norbait ere espero dute. 
Momentuz, Agurra joko dutela, hitzartzeak egongo direla eta lore eskaintza egingo dutela ziurtatu dute.

Angel Egañaren biografia

Angel Egañaren bizitzaren berri eman du Arrankudiaga-Zolloko Udalak berak zabaldutako prentsa oharrean.

Egaña 1914ko otsailaren 22an jaio zen Arrankudiagan eta, 1935-1936ko erroldaren arabera, ama alarguna eta hiru neba-arrebekin batera bizi zen Otsantzar auzoko baserrian.

Estatu kolpe faxistaren aurrean, 1936an euskal milizian sartu zen, Padura batailoiko Landarraga konpainian, teniente-graduarekin. Padura Batailoia Landarraga, Basauri, Ondarreta, Iberlanda eta metrailadoreen konpainietako 300 gudarik osatzen zuten eta hainbat frontetan hartu zuen parte: Elgeta, Ubidea, Gorbea, Durango, Amurrio eta abar.

Baina, 1937ko martxoaren 31an eta apirilaren 1ean Gorbeia mendian izan ziren borrokek ondorio oso larriak izan zituzten gerora Angel Egañarentzat. Garaiko kronikek diotenez, Gorbeia ingurua euskal gudarien eskuetan zegoela, martxoaren 31ko gauean tropa faxisten IV. Brigadako erreketeen Virgen Blanca tertzioak, gau iluna eta lainoa baliatuta, Gorbeiako Gurutzea hartu zuen ustekabean eta bandera faxista eta erreketea jarri zituzten bertan. 

Hurrengo goizean goizean Padura Batailoiko gudariek berriro eskuratu zuten Gorbeiako Gurutzea eta bandera faxista eta erreketea kendu zizkien etsaiei. Borrokaldi horretan alde bietako hildakoak izan ziren eta, faxisten aldekoen artean, Valladolideko barrutiko zalditeriako kapitan bat zendu zen.  

Erreketeen ofizial baten heriotzagatik mendeku hartu zuten Angel Egañaren kontra eta fusilatu zuten Valladoliden

Bilbo kolpisten eskuetan erori zenean, 1937ko ekainean, Padura Batailoia desegin zen eta konpainia desberdinetan gelditzen ziren gudariak III. Dibisioko 156. Brigadara batu ziren II. Batailoia izenarekin. Santander alderantz erretiratu ziren eta abuztuaren 23rako  Santoñan zeuden. Armada golpistak atxilotu eta C-50/37 Auzian epaitu zuten Egaña irailaren 25ean. 12 urte eta egun baterako presoaldira zigortu zuten, 24 milizianorekin batera.

Baina 1937ko azaroaren 4an Valladolideko “Cocheras de Tranvías” presondegira eraman zuten arrankudiagarra, 10. Epaitegi Militarrak 1477/1937 sumarioa berriro aztertu zuelako eta Gerra Kontseiluan epaitu nahi zutelako. Teniente-gradua izanik, Gorbeiako borrokan hildako kapitan faxistaren heriotzaren ardura leporatu zioten Angel Egañari eta heriotza-zigorrera kondenatu zuten. Argi ikusten da ofizial golpistaren heriotzaren mendeku gordina izan zela Egañaren aurkako epaia.

1938ko ekainaren 1ean jakinarazi zioten epaia irmoa zela eta ekainaren 2an, 6:30ean, fusilatu zuten exekuzioetarako erabiltzen zuten Graveras de San Isidro lekuan. Ondoren, Valladolideko udal hilerriko 7. hobi komunean ehortzi zuten.

Argazkiak: Txomin Egiluz, Edurne Ellakuria

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide