Fermin Arandia Basterra eusko gudaria omenduko dute bere senideek eta Ahaztuak kolektiboak igandean, Arrankudiaga-Zolloko Udaltaldeko lokalean. Familiak sustatu du ekitaldia, "oroimena ez delako lege bat, praktikatu behar den zerbait baizik". Bere heriotzaren 85. urteurrena izango da aurten, eta horregatik egingo dute ekitaldia.
Fermin Arandia Basterra 1915ean jaio zen Arrankudiagan. Eskolara joan ondoren, Arratian pinuak mozten lan egin zuen. 1936an militarrek estatu kolpea eman zutenean herriko Defentsa Komitearen agindupean aritu zen, eta gudari moduan gero, inguruko gazte gehienak bezala, Araba batailoian. Hasieran Eleizalde konpainian egon zen, eta geroago Alaitzan, 1937ko ekainera arte, Euskadiko gobernua eta armada desagertu arte.
Frankisten errepresioa jasan behar izan zuen eta langile bataloi batean egotera zigortu zuten. Senideek ez dakite zehazki zer gertatu zen, baina badakite Bartzelonako Vallcarca ospitale militarrean zendu zela 1939ko maiatzaren 18an. Ondorioz, Montjuïc hilerriko hobi komunean ehortzi zuten maiatzaren 21ean.
Indarkeria ez zen hor amaitu, familia salatu duenez: "heriotzaren oroigarrian 'Caido por Dios y por España' jarri zuten. 1952. urtean saiatu ziren bere gorpuzkiak Cuelgamuros Haranera, hau da, Erorien Harana edo Valle de los Caídos, eramaten, baina ez zuten azken umiliazio hori lortu".
Senideek eurek saiakera egin dute gorpuzkinak herriratzeko, baina hilerriko agintariek adierazi diete ezinezkoa dela, jende ugari baitago hobi komun horretan.
Ekitaldia
Familiak berak antolatu arren, edonork parte hartu dezake omenaldian. Horregatik, hain zuzen, Ahaztuak kolektiboaren hitzartze txikia egongo da. Senideek azaldu dute alkateak ere bere tartea izango duela eta musika ere egongo dela.
Aipatu beharra dago hau ez dela herrian antolatu duten lehen egitasmoa memoria historikoari dagokionez. Esaterako, Angel Egaña apirilaren amaieran omendu zuten Arrankudiagako plazan: