Fermin Arandia Basterra eusko gudariaren heriotzaren 85. urteurrenean, senideek bere memoria berpiztu nahi izan dute. Horretarako, omenaldia egin zioten atzo Udaltalde lokalean.
Berez, familiak berak hartu du egitasmoa antolatzearen ardura. 12:30ean hasi zuten ekitaldia 50 lagunen aurrean, Arandiaren bederatzi ilobak eta euren zortzi seme-alabak tartean.
Gero, gudariaren senideek eurek jo zuten L´estaca eta Gure zaharra abestiak. Ondoren, Txutxi Ariznabarreta alkateak hartu zuen hitza herritarren ekimena goraipatzeko.
Horren ostean, hildako borrokalariaren bi ilobek bere bizitzaren aurkezpena egin zuten bi hizkuntzetan, euskaraz eta gazteleraz, eta Bitoriano Gandiagaren olerki bat irakurri zuten jarraian.
Orduan, bere ilobek bi pasadizo ekarri zituzten gogora. Alde batetik, Serafinek kontatu zuen Ferminen anai batek Bartzelonara jo zuela txirrindulaz bere hilobia bisitatzera, eta han bizikleta lapurtu ziotela. Mari Carmenek, aldiz, oroitu zuen eurak ere Bartzelonara joan zirela eta etxeko arrosak eraman zituztela, bere aitak horrela eskatuta.
Amaitzeko, lore eskaintza egin zuten, aurreskua eskaini eta Txoriak txori abestearekin batera.
Argazkiak: Arandia sendia