Arrankudiagako erromeriari buruzko bi koadro daudela deskubritu du Txomin Egiluz historiazaleak

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko uzt. 10a, 07:00

Mexikon dago koadroaren bigarren bertsioa, Arozena familiaren etxean. / Txomin Egiluz

Arrankudiagarekin zerikusia duten koadroen bilduma egin nahi dute, eta koadro horiekin erakusketa bat egitea gutatuko litzaiekeela esan du Egiluzek.

Txomin Egiluz historiazaleak Arrankudiagako erromeriari buruzko bi koadro daudela deskubritu du: Jose Arrueren Erromeria Arrankudiagan famatua, eta Arozena familiaren Mexicoko museo-etxean dagoen Romeria Vasca. Jatorriz Arrankudiagakoa da Arozena familia.

Jose Arruek 1919an margotu zuen ezaguna den “erromeria” margolana. Bilboko Guggenheimen egon zen ikusgai duela bi urte inguru, baina Egiluzek dio ez dakitela koadroa non dagoen ezta jabea nor den ere: “Herrian esaten da Rosa Gorostizagarena zela eta Elexondoko bere etxean zuela”. Guggenheim museoarekin jarri ziren harremanetan koadroa Arrankudiagara eramateko, baina ez zen posible izan.

Ikerketan sakonduta, bigarren koadroarekin egin du topo Egiluzek, Arrueren koadroaren antzekoa dena: “Arrankudiagako erromeriari buruzko bigarren margolan hau Mexikoko Torreonen dagoen Arozenatarren etxean dago. Ikusiko duzuenez, 1933koa da eta ez dakigu nork margotu zuen. Baina, ikusten denez, antzekoak dira”.

Arozena familia Arrankudiagakoa da jatorriz. Euren arbasoa Rafael Arozena Arbide izan zen, Arrankudiagan 1847ko urriaren 24an jaioa, eta New Yorken hildakoa 1919an. Bere lehen alaba Zenaida Arocena izan zen, eta horrek, bere familiarekin batera, artelanen bilduma egiten hasi zen eta Arozena museoa sortu zuten Torres Mexikon. Sendiak komoda baten gainean jarrita dauka erromeriaren margolana. Egun, Arrankudiagan lurperatuta daude Rafael Arozenaren hezurrak.

Egiluzek aurreratu du Arrankudiagarekin zerikusia duten koadroen bilduma egin nahi dutela udalerrian, eta koadro horiekin erakusketa bat egitea gustatuko litzaiekeela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide