ERREPORTAJEA

Arrankudiagako San Anton eguneko azoka, ahanzturatik berreskuratua

Maider Ramirez Martin 2024ko abu. 28a, 08:00

Arrankudiagako herrigunean kokatuta dago San Anton ermita. / Ermitas de Vizcaya

XX. mende hasieran ospe handiko azoka bat egiten zen urtarrilean Arrankudiagan, San Anton ermitako elizpean, Txomin Egiluz historiazaleak ikertu duenaren arabera.  

Gaur egun herritar gehienen oroimenean ez badago ere, azoka garrantzitsu bat ospatu ohi zen Arrankudiagan San Anton egunean, Antonioko Paduakoa eta Anton abadea santuak gurtzen dituen baselizaren elizpean. Hala ikertu du Aldama Guaresti kolektiboko kidea den Txomin Egiluz historiazaleak, eta hainbat datu plazaratu ditu. 

Egiluzek nabarmendu duenez, azoka-ohitura handiko herria izan da beti Arrankudiaga. 1864ko akta baten arabera, Udalak urtero ganadu azoka bat finkatu zuen. Lehenago, ordea, gerra karlista zela-eta, Basurtoko azoka Arrankudiagara lekualdatu zen 1838an. Urte batzuk geroago, 1874an, dagoeneko ganadu azoka finkoa zenean, Basurtokoa behin betiko eramatea erabaki zen Arrankudiagako Uribarri auzora. Jada XX. mendean, 1905ean, Euskal-Erria aldizkariak ere Arrankudiagako azokaren berri eman zuela erakutsi du Egiluzek, eta 1918ko hainbat udal-aktetan azokarekin lotutako hainbat akordio ageri dira.  

Nahiz eta ez dakigun noiz arte iraun zuen, azoka garrantzitsua izan behar zen herrian, Egiluzen aburuz. Dena den, beste ekitaldi bat nabarmendu nahi izan du historiazaleak oraingoan: San Anton eguneko azoka, izen bereko baselizan ospatzen zena. 

San Anton eguneko azoka: puzzle baten piezak biltzen  

Hainbat dira azoka zahar horren berri ematen duten ebidentziak, eta horiek bildu ditu Txomin Egiluzek. Lehenik eta behin, herrian ahoz aho kontatutakoen arabera, urtarrilaren 17an, San Anton egunean, txerri-lepape bat zozkatu ohi zen azoka eta gero. Halaber, 1931an, Nestor Goikoetxea Araluze “Urdiola” idazleak Arrankudiagako ohitura zahar baten berri eman zuen Euzkerea aldizkarian argitaratutako artikulu batean: “San Anton egunean, urtarrilean, ahal dena eramaten da elizara santu horrentzat: lukainkak, arrautzak, txerrikia, eta abar. Jaupa edo meza entzun eta gero, elizako aterpean batzen dira gizon eta emakumeak, eraman dituzten gauzen zozketa edo errifa egiteko. Batzen den dirua Andoni Deunarentzat (San Antonentzat) da, abere guztiak zaindu ditzan”. 

'Euzkerea' aldizkariaren ebakia, Urdiolak azokaren berri eman zuenekoa. / Txomin Egiluz

Horretaz gain, Ermitas de Vizcaya (Bizkaiko baselizak) deituriko web orrialdeak, Bizkaiko ermita guztien ezaugarriak biltzen dituenak, azokari ere erreferentzia egiten dio Antonio Paduakoa eta Anton Abadearen eliza honi buruz aritzean. Txomin Egiluzek osatutako txostenean ikus dezakegunez, webguneak ere adierazten du urtarrilaren 17an, meza egiteaz gain, antzina txorizoak eta txerri hankak zozkatzen zituztela elizpean. Gainera, gizonak bolatokian aritzen zirela ere azaltzen du, Arrankudiagan boloekiko dagoen afizio zaharra berriz ere agerian utziz. 

Azkenik, Ruiz Morales izenpean sinatzen zuen margolari granadar baten margolan bat aurkitu dute Aldama Guaresti kolektiboko kideek. Margolaria Aretan bizi izan zen 1917-1918 urteetan, eta Zeberio, Areta, Laudio, Orozko eta Arrankudiaga irudikatzen zuten koadroak egin zituen. Arrankudiagari buruz egindako margolanak ikertzean, Egiluzek eta bere kideek deskubritu zuten bazela bat San Anton eguneko azoka irudikatzen zuena, 1917an, gutxi gorabehera:

Koadroan Andra Mari elizako elizpea ikus daiteke, eta bertan emakumeak daude, produktuak saltzen eta hizketan. Atzekaldean, apaiza ageri da.  

Gauzak hala, Txomin Egiluzek azaldu duenez, oraingoz ez dago datu askoz gehiagorik San Anton eguneko azokaren inguruan: “Ez dakigu noiz utzi zitzaion azoka egiteari, ezta noiz hasi zen ere. Ruiz Moralesen margolana 1917-18koa bada, eta Urdiolak bere artikulua 1931n idatzi bazuen, pentsa daiteke gutxienez gerra hasi arte iraun zuela, eta gero galdu zela tradizio hori”.

San Anton baseliza, Arrankudiagako altxor zaharra 

Azoka ikertzeaz gainera, ekitaldia ospatzen zen lekuari ere garrantzia eman izan dio Egiluzek bere ikerketan. Izan ere, ermitaren gaur egungo forma 1840an egindako zaharberritzeari badagokio ere, Carlos Elorriagaren Monografías de pueblos de Bizkaia liburuaren arabera, 1589an jada San Anton ermitaren atean jarritako apaingarri bat aipatzen da, eta 1651-1665 urteen bitartean ohikoa bilakatu zen gastuak egotea ermitaren egunean egiten diren prozesio eta mezengatik.

1787 inguruan amaitu zuten Andra Mari eliza eta, baseliza honi atxikita zegoenez, guruztokia izatera igaro zen. San Anton ermitako eraikinaren berezitasunei dagokienez, limosna uzteko postontzi moduko bat dago errepidearen aldean, Orozkoko gurdizainek erabiltzen zutena batez ere Bilborako bidean. Bertan utzitako dirua behin baino gehiagotan lapurtu dute, horrela adierazten baitute Aretako Miñoien postuko 1892ko eta 1894ko aktek. Gainera, baselizako atearen goialdean “Txiro’en Ogia” zioen inskripzio bat zegoen, baina 2019an azkenekoz eraberritu zutenean desagertu egin zen, arrazoi ezezagunengatik.  

Agerikoa da misterio handien gordailua dela San Anton baseliza, eta baita bertan ospatzen zen azoka ere. Oraindik fronte askok irekita jarraitzen duten arren, Txomin Egiluzek eta Aldama Guaresti kolektiboak egindako lanak balioko du herri txiki honen historia handia ezagutarazten jarraitzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide