Ganekogorta edo Belaute? Altzisketa edo 'Fuente del espino'?

Aitor Aspuru Saez 2024ko ira. 5a, 17:10

Nestor Goikoetxeak idatzitako testua Belaute toponimoari buruz./ Euzkerea aldizkaria

Txomin Egiluz historialariak aldarrikatu du Zolloko hainbat toponimo aldatu dituela jendeak eta horrela agertzen direla, besteak beste, Google Maps aplikazioan. Horien artean Belaute, Altzisketa eta Larrentxu daude.

Txomin Egiluz historialariak uste du toponimoaren gerra borrokatu beharra dagoela Zollon, herriko hiru toponimo ia desagertu baitira kanpoko mendizaleen eraginagatik. Horrela adierazi du landutako txosten batean, zeinean Nestor Goikoetxea Azaluze 'Urdiola' idazlearen lanak hartu dituen oinarri.

Goikoetxea Bilbon jaio zen 1900. urtean, baina bere gurasoak Arrankudiaga-Zollokoak ziren. Arabako eta Bizkaiko mendi, folklore, historia, toponimia, eta geografiari buruzko testu ugari argitaratu zituen Euzkerea, Pyrenaica eta Vida Vasca aldizkarietan.

Goikoetxearen ikerketak aintzat hartuta, Egiluzek ondorioztatu du Zolloko hiru toponimo erabat aldatu dituztela eta horiek zabaldu direla Wikiloc, Google Maps eta horrelako erreferentziazko webgunetan.  

Belaute eta ez Ganekogorta

Belaute toponimoaren berri badago XIX. mendean, 1802ko 'Diccionario geográfico histórico de España', Real Academia de la Historiaren eskutik. Halaber, Pascual Madozen 'Diccionario geográfico estadístico histórico de España y sus posesiones de Ultramar' lanean ere agertzen da.

Testu bietan jaso zuten Zolloko mendi tontor hori -gailur-lerro horretako garaiena- Belaute dela. Hori eta Goikoetxeak 1931n ingurukoekin izandako elkarrizketengatik, hain zuzen, idazleak ondorioztatu zuen Ganekogorta dela Belautetik gertu, baina azpian, dagoen beste toponimo bat, belardi bati erreferentzia egiten diona. 

Larrentxu eta ez Biderdi

Bestalde, Egiluzek, Zolloko aspaldiko mapa topografikoa baliatuta, adierazi du Ugao Mendi Taldeak jarritako postontzia 1994an ez dagoela Biderdin -zeina Bilbo eta Ermualdeko bidearen erdian dagoen- eta, aldiz, okertuta, Larrentxun jarri zutela. 

Altzisketa eta ez 'Fuente del espino'

Azkenik, 'Fuente del espino' toponimoa ere izen okerra zen Goikoetxearen aburuz. Bilbotarrak adierazi zuen Bizkaiko hiriburuko mendizaleak hasi zirela horrela izendatzen han zegoen elorri batengatik.

Ordea, zuhaitza bera desagertu zen eta toponimoak iraun du. Ikertzaileak azpimarratu zuen zollotarrentzat toki hori beti izan zela Altzisketa eta bere erroa altza zuhaitza zela, han ugari baitzeuden. 1924ko edota 1940ko mapetan ere eremu hori Altzisketa gisa agertzen da. 


Orain, ordea, kanpoan erabat ezezaguna izena da Altzisketa eta Txomin Egiluzek erantsi du badagoela jendea zeinak 'Fuente del espino' 'Elorri Zuriko Iturri' gisa itzuli duela, men toponimo euskaldunari, baita inguruko seinaleek erakusten dutenari ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide