Hainbat urteren ondoren, Oxinburu eraikineko proiektua gauzatu dute eta igandean izango da inaugurazio publikoa. Berez, 12:30ean egingo dute kultura eta gizarte etxea izateko egindako eraikinaren irekiera ekitaldia eta 18:00etan Asier Kidam magoaren ikuskizunaren txanda helduko da. Espazioa ia prest dago jadanik, eta altzariak aste honetan jarriko dituzte.
Edonola ere, bidea luzea izan da. 2020an proiektua ezaugarritu ondoren, esleipena egin zuten. Construcciones Artzamendi S.A. enpresak hartu zuen bere gain Behark arkitektura estudioak egindako proiektua egikaritzeko ardura eta 1.317.859,59 euroko aurrekontua izan zuen horretarako.
Finantzaketa
Finantzazioaren aldetik, aurrekontutik 617.981,80 euro funts propioekin ordaintzeko asmoa zuten eta 700.000 euro Laboral Kutxarekin mailegu baten bidez kitatuko zituzten.
Dena den, dirulaguntza kopurua nabarmen handitu zen Europar Batasuneko eraikin publikoen birgaitzea sustatzeko programaren bidez eta 2023an 673.329,14 euroko ekarpena jaso zuen Arrankudiaga-Zolloko Udalak.
Bestetik, eraikinak 200.000€ eskuratu zituen ur beroa izateko instalazio geotermikoa izateko Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko LEADER programari esker, Europar Politiketako Zuzendaritzak ere babestua. Hori ez ezik, energia berriztagarriei esker, Bizkaiko Foru Aldundiak ere 61.102,58 euro bideratu ditu Oxinburura, klima aldaketaren arloko jardueretarako diru-laguntzen deialdiaren barruan.