TXUTXI ARIZNABARRETA

“Bi kontu estrategiko daude gure herriarentzat oso garrantzitsuak direnak, baina ez daude gure esku”

Txabi Alvarado Bañares 2025ko urt. 9a, 08:00

Oxinburu bizigunearen inaugurazioa mugarritzat jo du Txutxi Ariznabarretak. / Aiaraldea.eus

Pozik azaldu da TXUTXI ARIZNABARRETA ZUBERO alkatea Arrankudiaga-Zolloko Udalaren 2024ko jardunarekin, eta bi “erronka estrategiko” nabarmendu ditu datorren urtera begira.

Orokorrean, nola baloratzen duzu amaitzear dagoen urte hau?

Balorazio positiboa egin dugu. Zenbait proiektu martxan jarri dira. Oxinburu bizigunea inauguratu da eta bertan jada ari gara jarduerak egiten. Oxinburu egin dugu, baina orain bizigunea egin behar da, eta hori denon artean egin beharko dugu, herriko elkarte eta eragile guztien artean.

Bolalekua ere berriztatu da osorik eta neguko txapelketa martxan dago. Jendea erabiltzen ari da eta oso ondo baloratzen dugu alde horretatik.
Etxebizitza kooperatiboak izan ziren genuen apustu inportante bat etxebizitza-politikaren arloan. Kooperatiba sortu zen eta hasi dira dagoeneko 12 bizitoki eraikitzeko lanak. Espero dugu datorren urtean zehar lan horiek amaitzea.

Beste gauza batzuk ere egin ditugu. Argiztapen berezia jarri da hainbat bidetan, jendea igarotzen denean indartu egiten dena. Uste dugu oso garrantzitsuak izan direla  lan horiek, segurtasun aldetik batez ere. Martxan jarri dugu baita ere Arrankudiagako Elexalde plazaren ingurua, espazio guztia berrantolatzeko plan bat egiteko. 

Izan ditugu baita ospakizun batzuk: A2 herri galdeketaren 10. urteurrena, Aiaraldeko Euskararen Eguna, jaiak, traila... oso harrera ona izan dute guztiek. 

Etxebizitza kooperatiboak aipatu dituzu. Uste duzue pisu horiek eraikita asetuko dela Arrankudiagan dagoen etxebizitza beharra, edo beste mekanismo batzuk ere martxan jarri behar dira? 

Honekin guk jarritako helburua bete ditugu. Asmoa bazen 30 urtetik beherako gazteak lehenestea, herrikoei lehentasuna emanez. Pisuetako 12 kooperatibistetatik 11 dira 30 urtetik beherakoak, 9 dira herrikoak, beste bi Ugaokoak eta bat Zeberiokoa. Zentzu horretan, helburuak bete dira, udalerrian zegoen behar puntual hori asetu egin delako.

Etxebizitza kooperatibo horietara sartu da konpromiso hori eusteko gaitasun ekonomikoa duen jendea. Baina hori izan ohi da bere bizitza laboral, familiar zein soziala Arrankudiaga eta Zollon kokatuta duen jendea. Baina badago beste jende bat oraindik ez duena etxebizitza bat bereganatzeko gaitasunik, edo oraindik ez duena argi bere bizitza laborala non egongo den. Horregatik, akordio bat egin genuen Eusko Jaurlaritzarekin alokairurako hamar etxebizitza eraikitzeko. Horiek eraikitzeko obrak ere datorren urtean hastea espero dugu, eta hor ere lehentasuna izango dute herrian erroldatutakoek.

2022 sinatu zenuten hitzarmena Bakiolako industriagunearekin, bertako enplegua sustatzeari begira. Nola baloratzen duzue bi urte hauetan lortutako emaitza?

Noizbehinka etortzen dira industriaguneko enpresa batzuetako kideak profil zehatz bateko langileen bila, eta guk bitartekari lanak egiten ditugu. Ez dira asko, ez dagoelako enpleguaren gorakadarik. Zaila izaten da kontrolatzea, interesundak zuzenean jartzen direlako harremanetan Bakiolako poligonoko zuzendaritzarekin.

Urtero berritzen dugu hitzarmena. Aurretik zehaztuta dagoen plan baten barruan inbertitu behar du Bakiolak ematen zaion dirua. 

Parte hartze prozesu ugari egin dituzue, azkena Elexalde auzoaren eraberritzearen inguruan. Zer nolako erantzuna jaso duzue bizilagunen partetik?

Horretan gaude une honetan. Bere unean beste prozesu batzuk egin ziren bai Zollon eta baita Atxetan ere, eta horiek beren emaitzak eman dituzte. Horietan garatutako plana jarraitzen ari gara.

Une honetan garatzen ari garen horretan parte hartzeko aukera zabalik dago udalerri osoko auzotar guztiei, Arrankudiagako gune urbano nagusia den Elexalderen etorkizunerako berrantolaketa plan bat adosten joateko. Hor sartuko litzateke plaza bera, bertako mugikortasun guztia, trafikoa...

Arrankudiaga-Zolloko kontsultategia urteko lanegunen erdietan itxita dagoela salatu zenuten ekainean, Zeberio eta Zaratamoko alkateekin batera. Izan duzue hartu-emanik Osakidetzarekin?

Berdin jarraitzen du egoerak. Guk ez dugu anbulatoriorik. Gure kontsultategia Ugaoko anbulatoriora lotuta dago. Eguerditan ematen da zerbitzua mediku eta erizainen partetik, 12:00etatik 14:00etara. Baina badakigu nola dauden kontuak Osakidetzan eta mediku zein erizain gabe gaude batzuetan, uda partean batez ere.

Osakidetzatik erantzun digutena bada horretan lanean dabiltzala, baina momentuz ez dago emaitzarik.

Barne mailan, zer nolako urtea izan da 2024a Udalarentzat?

Aurten bi une puntualetan izan dugu idazkari kontu-hartzailea, baina denbora gehiena langile hori gabe aritu gara, eta horrela gabiltza une honetan. Ez dago gure esku arazo hori konpontzea.

Nori dagokio?

Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Dirudienez horrela dabiltza hainbat herri, hainbat herri txiki batez ere; eta horrek goitik behera baldintzatzen du gure jarduera administratiboa.

Zertan?

Edozein jarduera administratibo, osoko bilkurak, lizitazioak, kontratazioak, mila gauzetarako behar diren txostenak... gauza horietan guztietan behar dira idazkari kontu-hartzaileen txosten eta onarpenak. Horregatik, gauza pilo ditugu blokeatuta.

Eta konponbidea, diozunez, ez dago zuen esku.

Ez dago gure esku. Hor ari gara konpondu nahian.

Hurrengo urtera begira, zeintzuk dira Udaletik planteatzen dituzuen erronka nagusiak?

Aipatu bezala, hor dago alokairurako etxebizitzen kontua. Ez da gure ardura baina hor egongo gara guztia begiratzen eta kontrolatzen.

Bestetik, zirkulazioaren berrantolaketa burutuko da Garondon. Badago proiektua eginda eta uste dugu obrak datorren urtean hasiko direla. Aparkaleku plaza askoz gehiago lortzea da asmoa. Horrez gain, Atxetako lokal sozialeko obrak ere hasiko lirateke datorren urtean. 

Kontu horiez gain, baditugu aurrera begirako bi kontu estrategiko oso garrantzitsuak direnak gure herriarentzat. Ez dago gure esku lortzea, baina ari gara borrokan erakunde eta instituzioekin.

Alde batetik, saneamenduen kontua dago. Galindon dago hondakin-uren araztegia eta bertara doan ur zikinen kolektorea Ugaoraino iristen da. Ugaotik gora, Arrankudiaga-Zollon, ari gara gure putzu septikoetatik zuzenean errekara botatzen ur hori. Bakiola eta Arbideko poligonoetako urak ere zuzenean doaz errekara. Hori onartzeina da XXI. mendean eta erakundeek onartu egiten dute. Ur guztiak Galindora bideratzeko obra nork finantzatzen duen, hori da gakoa. Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Ur Partzuergoarekin ari gara guzti hori borrokatzen. Hori finantzatzen ez dutenez geldirik dugu baita Ur Patzuergoan sartzeko prozesua. 

Bestetik, oinezko eta bizikletentzako bidea dago. Bizkaian aspalditik dago egina txirrindula-bideetarako plana, badago ibilbidea zehaztuta eta hamarkada bat baino gehiago daramagu itxaroten. Susmoa dugu bidea Ugaoraino egingo dela eta berriro geratuko dela Arrankudiagako zatia egin gabe, sanemanduarekin gertatzen den bezala. Aiaraldeko parke lineala osatuta dago ia erabat, eta ez luke zentzurik izango Bizkaitik datorrenak horrekin bat ez egitea. Biak bat eginez gero aukera egongo litzateke Bilbotik Urduñara oinez edo bizikletaz joateko. 

Gainera, bide hori guztiz beharrezkoa da gure kasuan, errekak izugarrizko meandroak egiten dituelako auzo batetik bestera. Bide horrek auzoak lotuko lituzke minutu gutxitan erdigunearekin, eta lotuko luke baita Arrankudiagako gune urbanoa Ugaorekin. Guk zerbitzu asko ditugu herri horretan, Institutua kasu. Horregatik, ulertezina da berriro ere bide hori Ugaon moztuta geratzea.

Baina, esan duzun bezala, bi gauza estrategiko horiek ez daude Udalaren esku, mugatuta zaudete.

Baina lehentasuna emango diogu borroka horri, geroz eta indartasuago jokatzeko terreno horretan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide