Kanporamartxo eta Eguen Zuriko ohituren erroei begira inauterien atarian

Maider Ramirez Martin 2025ko ots. 17a, 15:00

Oilarra makil kolpez sakrifikatu ordez, bere irudia eramaten dute egun gazteek Eguen Zuri ospatzeko.

Igandean ospatuko dute Arrankudiaga-Zolloko bizilagunek Kanporamartxoa, mendi ibilaldi eta txitxi-burruntziarekin. Datorren ostegunean helduko da Eguen Zuriren txanda, eta kantuan aterako dira eskolako umeak. Bi tradizio horien jatorriari erreparatu diete Edurne Ellakuriak eta Txomin Egiluzek.

Tradizio handiko hainbat ospakizun pilatzen zaizkigu neguaren erdialdean. San Anton, Kandelaria, San Blas eta Agate Deuna egunetako ohiturek herriz herri zeharkatzen dute eskualdea, eta bakoitzean belaunaldiz belaunaldi transmititutako errituei ematen zaie jarraipena.

Dagoeneko ohartuko zen irakurlea erlijio kristauaren santuei loturiko laudorio egunak direla aipatutako guztiak, baina litekeena da Euskal Herriko antzinako lotura paganoei lekua hartu izana horiek noizbait. 

Hala eman dute ezagutzera Aldama Guaresti Kolektiboko Edurne Ellakuriak eta Txomin Egiluzek, eta inauterien atarian gauden honetan Arrankudiaga-Zolloko Kanporamartxo eta Eguen Zuri ohituren sustraiei begira jarri dira.  

Kanporamartxo, basoa berpiztu dadin 

Inauterien aurreko igandean mendira egiten dute ibilaldia Arrankudiaga-Zolloko eta inguruko herrietako hainbat lagunek, bertan sua piztu eta, hurritz-makilen laguntzaz,  azken txerrikiekin txitxi-burruntzia egiteko.  

Aldama Guaresti Kolektiboko kideek ohartarazi dutenez, ohitura hori ahoz aho transmititu da, eta horri esker mantentzen da egun. “Ez dago adineko jendearen daturik jasota, eta, beraz, besterik gabe mantendu dugu, euskal mitologiako mikrokosmoan duen funtzioa jakin gabe”.  

Dena den, badaude tradizioari erreferentzia egiten dioten dokumentuak. Horren adibide da Nestor Goikoetxea Urdiolak 1931an Euzkerea aldizkarian ohitura horri egindako aipamena, hark Baso-koipetsu izendapena nahiago duela aitortzen duen arren:

Eguen zuri, lurra esnatu kantuz eta kolpez  

Eguen zuri egunean, inauterietako ostegunean, alegia, Arrankudiagako eskolako neska-mutilek herriko auzotik auzora ibiltzen dira, kantu-eskean.  

Aspaldian, oilar bat eramaten zuten gazteek saski batean, eta kantuan ibili eta gero makil-kolpez sakrifikatzen zuten garbikuntza sinbolo gisa.

Izan ere, sexualitatearen irudia da oilarra, eta bekatuarekin lotu izan da. Hortaz, zenbat eta krudelagoa izan oilarraren heriotza, orduan eta seinale hobea neska-mutil horientzat. Gaur egun, Pedro Bidaniaren margolan bat daramate Arrankudiagako gazteek oilarra irudikatzen, estandarte gisa. 

Makilak, ordea, ez dira Eguen zuriko ospakizunetik desagertu; izan ere, koplak abestu bitartean lurra kolpatzeko erabiltzen dituzte, neguko loalditik esnatu dadin. Kanporamartxoarekin gertatzen den bezala, zaila da tradizio honen jatorria zehazki zein izan den jakitea, ez baitago horren erregistro idatzirik.   

Tradizio zaharrak bizi-bizi 

Aspaldiko ohiturak dira, beraz, Kanporamartxo eta Eguen zuri eguneko ospakizunak Arrankudiagan, eta gaur egunera arte irauten dute.

Igandean egingo dute Arrankudiaga-Zolloko bizilagunek mendi-ibilaldia eta txitxi-burruntzia Basakoetxen eta hurrengo asteko ostegunean, hilaren 27an, aterako dira eskolako haurrak ehun bat urte abesten ziren kopla berberak herriko auzoetatik kantatzera, makilaz lurra esnatzen duten bitartean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide