LAURA SANCHEZ ETA BIRKIDE MARTIN

“Harrera familia behar duten ume asko daude”

Aitor Aspuru Saez 2025ko api. 4a, 08:00

Harrera familia izateko gonbita luzatu dute Laurak eta Birkidek. / Aiaraldea.eus

LAURA SANCHEZ eta BIRKIDE MARTIN Arrankudiaga-Zolloko herritarrak eta harrera familiako kideak dira. Zehazki, larrialdiko kasuetan laguntzen dute. Euren esperientzia azaldu eta jendea animatu dute.

Harrera familiako kideak zarete, baina ez dago harrera familia eredu bakarra, ezta?

Birkide Martin: Hiru harrera familia mota daude. Bat da larrialdikoa, sei hilabetekoa eta, horrez gain, badaude behin-behinekoa —bi urtekoa— eta behin betikoa, bi urtetik gorakoa, bizitza osorako izan daitekeena.

Laura Sanchez: Gu biok larrialdiko harrera familiak gara. Printzipioz, adingabeak sei hilabetez etortzen dira gurekin, baina luzatu daiteke bi urtera arte, bere bizitza berria topatu arte. Batzutan gurasoekin itzultzen dira, edo senideekin, eta beste kasuetan adopzioa gertatzen da.

Gu larrialdiko harrera familiak gara umeak ez egoteko zentro batean edo ospitale batean, etxe batean egon daitezen. Zentroetan ere oso ondo zaintzen dituzte, baina askoz atseginagoa da familiekin egotea, azken finean, askotan ume txikiak dira.

Zenbat ume hartu dituzue eta zenbat urte daramatzazue programa honetan?

B. M.: Gu 2018an hasi ginen eta bost neskato hartu ditugu. Orain mutiltxo bat dago gurekin. Bi harrera oso luzeak izan dira, urtebetekoak eta orain gurekin dagoen umea ez dakit zenbat denbora egongo den.

L. S.: Ni 2021etik daramat harrera familien programan. Orain nirekin dagoen ume txikiarekin, sei ume txiki hartu ditugu etxean. Harrera batzuk laburrak izan dira eta beste batzuk luzeagoak. Egungo umea ez dakigu zenbat denbora egongo den gurekin. Batzuk hilabete eta erdi egon dira gurekin, beste batzuk sei edo zortzi hilabete, eta bat urtebete.

Ezin da jakin. Agian agertzen da izeko bat beregain hartzeko, baina gero balorazioa negatiboa bada, prozesua hasten da berriro. Bizkaiko Foru Aldundiaren prozeduraren esku dago. Kasu batzuk argiak dira eta beste batzuk ez. Ume oso goiztiarra hartu genuen behin. Uste baino askoz lehenago jaio zen eta aurrera ateratzea lortu genuen maitasunez eta lan egiten.

"Harrera familia izatea ez dago ordainduta, baina lan boluntario oso atsegina da"
 

Pertsonalki nola baloratzen duzue harrera familia izateko esperientzia eta nola eragiten dio familia osoari?

L. S.: Ez digute ordaintzen, baina oso atsegina da. Hau boluntario lana da. Batzuk joaten dira Afrikara eta beste batzuek elikagai bankuan laguntzen dute. Gu harrera familia gara.

Familiari dagokionez, uste dut gehiago batzen  gaituela eta ulertzen dugula egoera oso anitzak daudela. Denek ez daukate guk daukaguna. 
Umeek ez dute ekartzen beti zama negatiboa. Batzuetan gurasoek laguntza eskatu behar dute egoera oso txarrean daudelako; lan eta dirurik gabe geratu dira, etxegabetu dituzte… Mila egoera daude, beti ez da tratu txarren, drogen edo kalean bizitzearen ondorioa. 

B. M.: Nire familiarentzat esperientzia oso ona izan da. Lagunak eta herriko jendea ere prest egon dira laguntzeko. Hori ezin da ordaindu.

Baina seme-alaba biologikoek beti ez dute ondo hartzen ideia, ezta?

B. M.: Ez, hasieran nire seme nagusiak ez zuen nahi, baina gero nagusitu zen eta berdin zitzaion. Nire beste bi seme-alabek ondo ikusten zuten eta senarra izan zen gehien animatzen gintuena. 

Positiboa izan da ze gure umeak konturatu egin dira zer nolako bizitza duten. Zorte oso ona izan dute, jaio diren lekuagatik, baina hori ezin da aukeratu. 

Gehienez bi urtez daude zuekin umeak, nolakoa da agurtzea?

L. S.: Lehen aldian oso txarto pasa nuen. Negarrez nenbilen leku guztietatik, bazirudien gorputzeko atal bat kendu zidatela. Bosgarrenean jadanik ondo eramaten duzu. Pena ematen du, jakina, baina barneratzen duzu lotura puntua baino ez zarela. Edo horrela hartzen duzu edo bizitza osoan sufrituko duzu.

Guk biok izan dugun zortea izan da harreran egon diren haur guztiekin, neurria handiagoan edo txikiagoan, harremana dugula. Horrek laguntzen du. Ez dugu eurekin kafea hartzen egunero, jakina, baina, adibidez, duela egun batzuk izan zen nik hartutako lehen umearen urtebetetzea eta bideoa bidali zidaten. Agertzen zen bera tartarekin. Udan joan ginen ikustera.

Beste batzuk nire alabaren urtebetetzera etorri ziren ospatzeko. Zenbait hitzordutan elkar ikusteko aukera dugu eta WhatsApp bidez zenbait mezu partekatzen ditugu. Adibidez, hartu genuen ume oso goiztiarra heldu zenean etxera, aulki batean galtzen zen. Bi hilabete zituen eta oso txikia zen. Orain korrika egiten du, eskolara doa… Prozesuaren lekukoa zara eta ikusten duzu zein ondo dauden familiekin. Niretzat oso atsegina da eta hori da nahi duguna, eurak ondo egotea.

B. M.: Hartu genuen lehen umea joan zenean… Ni ez naiz negartia, baina ez nuen ezta etxetik atera nahi ere. Orain dakidana jakinda, txarto pasatzen dugu ere, baina ez horrenbeste. Haurrak ikusten ditugu, guztiak, eta batek eta bere amamak gurekin igaro zituzten gabonak. Hortaz, oso ondo.

Hala ere, ez dago bermarik.

B. M.: Bai, ez dago bermerik. Agian umea kanpora doa bizitzen eta ez dituzu ikusiko. Edo bere familiak ez du nahi berarekin harremana izatea.

Arrankudiaga-Zollon eskarmentua duzue harrera familia gisa, erraztasunak ematen dizue inguruak?

L. S.: Udalera joaten garenean dokumenturen baten bila, egia da berehala egiten digutela. Gizarte Segurantzan beti artatzen bazaitu berak, oso azkar doa. Hori bai, ez dugu laguntza berezirik.

Herriko jendeari begira, ordea, bai. Nik zerrenda bat daukat, jende mordoa dago laguntzeko eta umea zaintzeko prest.

B. M.: Nik gogoratzen dut hartu genuen lehenengo neska kuadrilla eta lagun guztien jostailua izan zela. Nire senarra igandetan plazara ateratzen zenean, jende pilok zaintzen zuen umea. Herrian eta Udalean oso ondo, zerbait behar dugunean laguntza dugu. Herri txiki baten abantailak dira.

L. S.: Anbulatorioan ere oso ondo. Zoragarria da eta asko laguntzen du. Oro har, uste dut jende guztiak bere aldetik jartzen duela ume hauen alde.

Bestelako laguntzak dituzue?

B. M.: Jendeak jakin behar du harrera familia izatea ez dagoela ordainduta, baina umeen gastuak beregain hartzen ditu Aldundiak: txertoak, gurditxoa, elikadura… Haurra zaintzeak ez du dirurik kostatzen. Hori herritarrek jakin behar dute, ea animatzen diren gehiago.

L. S.: Umeei eman behar zaiena da maitasuna, pazientzia eta denbora, eurekin egotea.

Harrera familien beharra dago?

B. M.: Izugarria. Ume asko daude.

L. S.: Eta jendeak uste du kanpokoak direla. Ez, ez da horrela, Bizkaiko haurrak dira. Ume mordo daude eta laguntzeko modu anitzak, batzuk oso ezezagunak. Adibidez, Bilbon badago haurren harrera zentroa. Hara joan daitezke boluntarioak asteburuetan eurekin egoteko edota zinemara eramateko. Edo oporretan hartu. Bada boluntariotza mota bat. Ni hasieran oporretan eta asteburutan nindoan laguntzera.

Edonola ere, harrera familia izatea ez da horren erraza, balorazioa egin behar du Foru Aldundiak.

L. S.: Prozesu nekeza da.

B. M.: Psikologo batekin egin behar dituzu saioak. Izan ere, ume bat hartzeko ondo egon behar zara.

L. S.: Ikertzen dute eta sexu erasoko aurrekaririk ezin duzu izan, jakina. Niri ez zitzaidan bereziki gogorra iruditu, nahiz eta egia den arakatzen dutela. Aspergarria iruditu zitzaidan, hori bai.

B. M.: Uste dut epeak murriztu dituztela orain.

L. S.: Lau asteko trebakuntza jaso nuen nik. Gero hausnarketarako tartea eman zidaten, eta jarraian elkarrizketa. Behin erabakita harrera familia nahi duzula, eskaera egiten duzu eta psikologoarekin elkarrizketak daude. Esan dut arakatzen dutela, galdetzen dizutelako zure harremanei buruz; amarekin, aitarekin, amaginarrebarekin, lehengusinarekin, auzokideekin… Ez dut modu beldurgarrian gogoratzen. Dena den, psikologo batzuek errazago egiten dizute.

B. M.: Norberaren izaeraren araberakoa da. 

Harrera familia izateko urratsak hasi zenituztenetik gaurdaino, nola aldatu zarete zuek?

B. M.: Umeen masterra egin dugu, nolabait esatearren. Izugarria da. Hasieran, zure seme-alabekin bezala, badaude uneak zeinetan pentsatzen duzun: “zergatik gertatzen zait hau?” 

Horrenbeste umerekin egon ondoren, aldiz, bazoaz asmatzen zer gerta ahal zaien. 

L. S.: Nik masterra egin dut bultzada handia behar duten umeekin. Hortaz, esaten didatenean ume goiztiarra, edo elikatu gabekoa dagoela, badakit nire izena agertzen dela (barreak).

Kanpotik egoera apur bat dramatikoak direla dirudi.

B. M.: Baina gero oso ondo eramaten duzu eta zure seme-alaba biologikoak baino hobeto zaintzen dituzu. Hasieran apur bat dramatikoa da, baina umeak ezagutzen dituzunean ulertzen dituzu bere beharrak, dramatismo gutxi dago.

Arrankudiaga-Zollon harrera familia asko daude, proportzioan. Egoera arrunta da udalerrian?

B. M.: Nik uste dut baietz. Are gehiago, uste dut jende gehiagok izena emango duela hemendik urte batzuetara. Orain seme-alaba txikiak dituztenek. Ama batekin hitz egin dut honi buruz. Berak hiru seme-alaba ditu, baina agian etorkizunean animatuko da.

L. S.: Pediatrak berak aipatu zidan pentsatzen ari zela harrera familia izatea behin erretiroa hartuta. Hori ezagutu du guri esker. Nire psikologoak ere gauza bera esan dit. Berak badu ume txiki bat eta nire bidez heldu zaio zer den harrera familia izatea. Izan ere, ni terapiara batzutan umeekin joan behar dut. Ezagutza zuzena da onena.

B. M.: Bai, jendeak ikusten zaitu umearekin, ezagutzen dute eta animatzen ditu. Arrankudiagan edonork ikusi ahal gaitu haurrekin eta errazago ikusten dute. Izan ere, errealitate bat azaltzea umea ikusi barik… ez da kontu bera.

Azalpen asko eman behar dituzue harrera familia izateagatik, oro har?

B. M.: Herrian ez, herritar gehienek ezagutzen gaituzte eta. Adinagatik agian azalpenen bat eman behar duzu. Adibidez, niri amama esan didate noizbait, baina ez naiz umeen amama (barreak). 

L. S.: Alboko herrian gertatu zitzaidan behin, ezagun batek umearekin ikustea eta esatea: “Ez dakit zoriontzea edo doluminak ematea”.

Bilbon denda batean ere, ume oso goiztiarrarekin nengoen. Nahiz eta hiru hilabete izan, oso txikia zen eta dendariak aipatu zidan: “Zein ondo geratu zaren erditu eta gero”. “Jakina, ez dut nik egin”, erantzun nion (barreak). Gero azaldu nion harrera familia nintzela. Ahoz ahokoa oso garrantzitsua da. 
Nire amak esaten du sei biloba biologiko eta beste bost dituela. Ileapaindegian guztien argazkiak erakusten ditu.

“Harrera familia zarenez ez diozu soilik umeari laguntzen, baita bere familiari ere”

Uneren batean harrera familia izateari uztea baloratu duzue edo betiko konpromisoa da?

B. M.: Gorputzak eusten dion bitartean izango gara. Ikusiko dugu. Momentuz jarraituko dugu.

L. S.: Nik ez dut pentsatu. Oraina da balio duena. Edonola ere, atseden tarteak daude. Larrialdiko harrera familia zarenean, atsedenaldi tartea dago. Zuk adosten duzu Aldundiarekin. Hor tarte bat duzu hausnartzeko jarraitu nahi duzun edo ez. Hori bai, nik, momentuz, ez dut pentsatzen. Niretzat hau oso atsegina da. Gizaki bat laguntzen duzu, baina baita bere familia ere. Umeari lotutako edonori laguntzen diozu. Guraso biologikoekin eramaten duzunean, eurek erreparatzen diote guztiari: ondo hazten ari den, ilea moztu diozun, arropa berria duen…

Familia gehienek eskertzen dute egiten duzuna eta, gehienbat, haurrari laguntzen diozu, baina gurasoek ere ikus dezakete ondo zaintzen duzula. 

Harreman duzue familiekin?

L. S.: Ez, ez.

B. M.: Guk eramaten ditugu astean behin, uzten ditugu Agintzarin eta bere familiaren bisita jasotzen dute umeek. Ordubete daude eurekin eta gero bere bila goaz berriro. Familia batzuen kasuetan, hilean behin anai-arrebekin eta amarekin topaketa egiten dute, harremana izan dezaten.

L. S.:  Behin-behineko eta behin betiko harrera familiekin harremana ezberdina da. Izan ere, gelan sartzen dira umeak uzten direnean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide