Idazkari-kontuhartzailearen faltak eragiten duen "egoera kritikoa" gainditzeko neurriak hartzen ari da Arrankudiaga-Zolloko Udala

Aitor Aspuru Saez 2025eko maiatzaren 14a

2023ko udalbatza osaketa. / Aiaraldea.eus

Udal langile horren faltaren ondorioz, tokiko erakundeak ezin du udal osoko bilkurarik deitu eta erabaki estrategikoak zein eguneroko funtsezko zenbait urrats ezin ditu egikaritu. Ekainean behin-behineko konponbidea bilatzen saiatuko da tokiko erakundea eta espero du epe ertainean bideratzea.

Arrankudiaga-Zolloko Udalak zailtasun handiak dauzka bere eginkizunak betetzeko, ez baitu udal idazkari-kontuhartzailerik. Langile horrek ezinbesteko ardurak hartzen ditu bere gain: udalbatzak deitzea, oniritzia ematea fakturei edo dokumentuei... Ondorioz, nahitaezko pertsona da tokiko erakundearen funtzionamendurako, egunerokoan zein proiektu estrategikoei begira.

Arrankudiaga-Zollon, ordea, duela urte erdi ez dutela langile finko bat postuan. "Bi lagun egon dira, baina jarraikortasunik gabe", adierazi dio Txutxi Ariznabarreta alkateak Aiaraldea Komunikabideari. 

Idazkari-kontuhartzailerik gabe lizitazioek, udal osoko bilkurek edota inbertsioek ezin dute aurrera egin, eta ezin dira aurrekontuak onartu ere egin.

Profil tekniko garrantzitsu horren gabeziak aurrekontuak ez onartzea (udal osoko bilkurarik deitu ezin delako) edota inbertsioak eta lizitazioak atzeratzea ekarri du. "Egitasmo batzuk geldirik daude eta soberakinak metatu dira. Kreditu aldaketen bitartez bideratu behar ditugu ahalik eta lasterren. Horrek arriskuan jartzen ditu inbertsioak eta horietara lotuta eskuratutako dirulaguntzak", azpimarratu du alkateak.

Arazoaren iturburua

Erakundean sortu den traba ez da berezkoa, orokorra da. Izan ere, idazkari-kontuhartzaile lan-poltsak agortu dira. Gogoratu beharra dago egonkortze prozesuak gauzatu direla administrazioan eta hori izan dela ondorioetako bat.

Txutxi Ariznabarretak azaldu duenez, "Bizkaiko Foru Aldundia langile bat eskaintzera derrigortuta dago, baina eurek ere arazoak dituzte".

Behin-behineko konponbideak

Udalak bi bide hartuko ditu idazkari-kontuhartzailea izateko. Lehenik eta behin, modu interinoan plaza betetzeko saiakera egingo dute. "Estatu habilitazioa behar duenez, plaza finkoa esleitzeko prozesua oso zaila litzateke, horregatik egingo dugu modu interinoan betetzeko deialdia. Horrek ahalbidetuko digu uda ostean amaitzea prozedura", azaldu du alkateak.

Tartean, erakundearen asmoa da funtzio metaketaren bidez beste udal bateko idazkaria ekartzea herrira. Gauzak horrela, ekainean udalbatza deitu eta aurrekontuak onartuko lituzkete. "Ia bi milioi euroko aurrekontua prest dugu", ziurtatu du Ariznabarretak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide