Arrankudiagak inbasio zuri-gorria biziko du larunbatean, Peñista Eguna ospatuko baitute bertan. Athletic Clubeko Peñen Nazioarteko Federazioaren barruan dagoen Iparraldeko Zonaldeko Peñen Elkarteak hartu du antolakuntzaren ardura eta, zehazki, 170 taldea daude deituta.
Horrela, Peñista Eguna goizean hasi eta gauean amaituko da. 10:30ean abiatuko dituzte ekintzak umeentzako parkearekin herriko plazan eta 12:00etatik 14:00ak arte tiketak jasoko dituzte Iberlanda tabernan.
12:00etan ere ekingo diote trikipoteoari herriko musika eskolako laguntzarekin eta 15:00etan herri bazkaria izango da frontoian. Antolatzaileek menu inklusiboak prestatu dituzte: umeentzat, helduentzat eta aukera beganoa. Haurren bazkariak 16 euro balioko du eta besteek 32 euro.
Elkartasun ekimena
Elkartasunerako tartea egongo da bazkarian. Izan ere, mahai solidario ekimena abiatuko dute. 38 lagunentzako mahai batekin lortzen den diruarekin Sestaoko Garras Taldeko kide bat lagunduko dute.
Maialen da peñista horren izena eta Donahue sindromea pairatzen duen umea da. Gurutzetako ospitalean urtebetea izan baino lehen diagnostikatu zioten gaixotasuna eta gehienez bi urteko bizitza itxaropena iragarri zuten medikuek. Egun, aurreikuspen horiek gainditu ditu, baina Estatu Batuetan lortutako tratamendu bereziari esker eta eguneroko terapia baliatuta.
Zaintza horiek guztiak Osakidetzak ordaintzen ez dituenez, bere familiaren ardura ekonomikoa da eta Federazioaren asmoa da peñista hau laguntzea. ES49 3035 0070 1107 0006 6711 kontu korrontean ere egin daitezke ekarpenak.
Arratsaldea eta gaua
Ospakizunak arratsaldean jarraituko du. 19:00etatik aurrera Juan Mari Edeso zuzendaritzako kide ohiari hil osteko omenaldia egingo diote. Halaber, mus eta tuteko sari banaketa eta zozketak ere egongo dira. Mahai solidarioaren txeke banaketa ere iragarri dute eta 20:00etan Gora Herria erromeriaren txanda helduko da.