Aiaraldeko Hizkuntzen Mapa (AHM) sortzeko ekimena abiarazi zuen Euskalgintza Kontseiluak iazko ikasturtean. Eskualdeko hamabost ikastetxetan garatu da proiektua, Aiaraldeko Herri Curriculumaren barruan. Arrankudiaga-Zolloko eskolan prozesu osoa burutu dute dagoeneko, eta atzo aurkeztu zituzten emaitzak Oxinburu aretoan.
Aiaraldeko Hizkuntzen Maparen nondik norakoak
Egitasmoak eskualdeko hizkuntzen eta kulturen aniztasunari argazki bat egitea du helburu, horiek ezagutarazteko eta balioan jartzeko, baina betiere euskara ardatza delarik. Izan ere, euskara irudikatzen dute kulturen eta herritarren arteko zubi gisa, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kide Ane Izquierdok nabarmendu duenez.
Hori dela eta, 2023-2024 ikasturtean hasi ziren datu bilketarekin eta ikasleek etxez etxe jaso zuten bertako kideek ezagutzen eta erabiltzen zituzten hizkuntzak. Ondoren, datu horiek landu eta hainbat sormen lan egin dituzte haur eta nerabeek eskualdeko ikastetxetan.
Arrankudiaga eskola: 11 hizkuntzaren elkargune
Oxinburu aretoan aurkeztu zituzten atzo Arrankudiaga eskolako 2. zikloko ikasleek bildutako datuetatik ateratako ondorioak. Bertan, proiektua nola gauzatu duten ere azaltzeaz gain, ikastetxean hamaika hizkuntza biltzen direla azaldu zieten bertaratutako herritar, irakasle eta ikasleei. Hauexek dira, hain zuzen, hizkuntza horiek eta bakoitzaren hiztun kopurua:
- Euskara: 209 ikasle eta senide
- Gaztelania: 324 ikasle eta senide
- Arabiera: 8 ikasle eta senide
- Ingelesa: 51 ikasle eta senide
- Frantsesa: 12 ikasle eta senide
- Italiera: 2 senide
- Bosniera: senide bat
- Katalana: senide bat
- Portugesa: senide bat
- Galiziera: senide bat
- Wolofa: senide bat
Ikasleen familien jatorriari ere erreparatu diete, zortzi sorterri identifikatuta: Euskal Herria, Espainia, Argentina, Peru, Aljeria, Nikaragua, Bosnia eta Senegal, hain zuzen ere.
Gainera, hitzordua baliatu dute "hizkuntzen mapa" hizkuntza horiek guztietara itzuli eta jendaurrean irakurtzeko.
Ekitaldiarekin amaitzeko, lana egitean ondorioztatutakoak azaldu dituzte. Besteak beste, familia asko jaiotzako herrialdetik mugitzen direla eta horrek helmugako herriko kulturari aniztasuna ematen diola. Baita ere nabarmendu dute herrian hainbat hizkuntza entzuten eta hitz egiten badira ere, euskara dela ikasleen artean gehien ezagutzen eta erabiltzen dena.