Azken hilabeteetako blokeo egoeratik ateratzeko urrats ugari eman zituen Arrankudiaga-Zolloko Udalak atzo. Tokiko erakundeak iazko urritik zeraman udal osoko bilkurak deitu gabe, ez duelako idazkari kontu-hartzailerik.
Orain, Zamudioko Udaleko idazkariaren lanordu batzuk eskuratu dituzte funtzio metaketaren bidez. Modu horretan lortu dute plenoa burutzea, eta beste bat egitea aurreikusi dute irailerako.
Gauzak hala, Udalaren jardunerako beharrezkoak diren hainbat puntu aurrera ateratzeko baliatu zuten atzoko zita. Adostasuna izan zen nagusi bileran, EH Bildu zein EAJko zinegotziek aho batez onartu baitzituzten afera guztiak.
1,1 milioi euroko kreditu aldaketa baliatuko dute iaztik blokeatuta zeuden hainbat egitasmo aurrera ateratzeko.
Besteak beste, 1,9 milioi euroko aurrekontuak onartu zituzten, eta beste 1,1 milioi euroko kreditu gehigarria ere jarri zuten indarrean, iazko altxortegi-soberakinetik dirua hartuta.
Diru horrekin iaztik blokeatuak zeuden hainbat proiektu jarri nahi dituzte abian: Atxetako lokal soziala berritzea, Uribarriko bidea konpontzea, ura ponpatzeko sistema berria jartzea ur-patzuergoko azpiegituretaraino, brigadarentzako belarra mozteko makina berria eskuratzea edota Oxinburuko gimnasioa materialez hornitzea, besteak beste.
Berehala atera nahi dituzte lan horiek egiteko lizitazioa, eta iraileko udalbatzarako denak esleituta egotea espero dute, Txutxi Ariznabarretaren hitzetan. Alkateak ziurtatu du Udala egoera ekonomiko onean dagoela, altxortegian dirua dagoelako oraindik.
Hala ere, gaineratu du ohiko gastuak geroz eta handiagoak direla, eta Udalkutxatik jasotzen den laguntza gainditzen dutela, “aurrekontuetako geroz eta zati txikiagoa utziz inbertsioetarako”. Ariznabarretaren arabera, horrek dakarrena da tokiko erakundeak geroz eta menpekoagoak izatea beste erakunde publiko batzuen dirulaguntzekiko, eta autonomia galtzea dakar horrek.
Idazkari kontu-hartzailearen hautaketa, epaimahaiaren zain
Osoko bilkurak egitea lortu duten arren, idazkari kontu-hartzailearen gabeziak konpondu gabeko arazoa izaten jarraitzen du Arrankudiaga-Zollon. Hori dela eta, lan eskaintza publikoa abiatu zuen Udalak ekainean. Alkateak zehaztu duenez, 61 pertsona aurkeztu ziren bertara, baina hautaprobak egiteko epaimahaia ez dago osatuta oraindik.
Ariznabarretak nabarmendu duenez, Aldundiari dagokio organo hori eratzea, eta horren zain daude. Gauzak hala, uda hemen dagoela kontuan hartuta, prozesua udazkenera arte luzatuko dela aurreikusi du alkateak.