Porrotx izango da artista, gonbidatu eta omendua bihar Zolloko sanmartinetan. Izan ere, 17:30ean herrian ibiliko da trikitilari batek babestuta eta umeekin batera jaiak girotzeko, baina modu askean, eta ez ohiko ikuskizun batekin.
Txutxi Ariznabarreta alkateak azaldu zuenez Azalera magazinean, hainbat urtez (Takolo, Pirritx eta Porrotxen garaian) bisitatu zuen Porrotxek Zollo eta herrian egindako lagunekin egoteko, itzultzeko gogoak zituen.
Gauzak horrela, bihar iritsiko da eguna. Zollotarrek, berarekin gozatu ez ezik, bera omendu nahi dute ere. "Zollo zein inguruko haurrak bertaratzea espero dugu", aipatu du alkateak.
Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek lagun andana egin dute Aiaraldean eta urtero bisita finkoa dute Amurrion, Gabonen testuinguruan, baina Laudion, Faktorian bertan edota Artziniegan ere aritu dira azken urteetan maiz.