Arrankudiaga-Zolloko udal ordezkaritza politiko batek zoriondu zuen Milagros Salazar Abrisketa abenduaren 26an. Izan ere, emakumeak 100 urte bete zituen hilaren 12an eta herriko biztanlerik nagusiena da.
Hori dela eta, alkatea eta EH Bildu zein EAJko zenbait zinegotzik bisitatu zuten Arbiden, jaio zen baserrian bertan bizi baita. Udal ordezkariek herritar ororen izenean zoriondu zuten eta, lore-sorta ederra eraman ez ezik, urte luzez osasuna eta bizipoza ere opatu zizkioten.
Udalak azaldu duenez, Milagros Salazar Abrisketak etxekoen artean hartu zuen ordezkaritza, umoretsu eta esker ona adierazita. Halaber, bere bizitza luzeko hainbat istorio aipatuta, solasaldi polita izan zuten.