TXUTXI ARIZNABARRETA ZUBERO

“Bi urteko gabeziaren ostean, idazkari kontu-hartzaile berria urtarrilean lanean hasiko dela aurreikusten dugu”

Maider Ramirez Martin 2026ko urtarrilaren 19a

Txutxi Ariznabarreta Zubero alkatea udaletxeko balkoian. / Aiaraldea.eus

Idazkari kontu-hartzailearen faltak erabat baldintzatu du Arrankudiaga-Zolloko Udalaren 2025ko jarduna. Hala ere, urteko balorazio positiboa egin du TXUTXI ARIZNABARRETA ZUBERO alkateak.

Urteari perspektibaz begiratuta, zer balorazio egiten du Udalak?

Balorazio positiboa egiten dugu, are gehiago kontuan hartuta ez dugula idazkari kontu-hartzailerik izan  aurreko urtetik. Horrek guztiz baldintzatu du eguneroko udal jarduera. Hala ere, lortu dugu, nola edo hala, herritarrek ez sufritzea arazo horren ondorioak. 

Urte hasieran aurreikusi genuen idazkari kontu-hartzailearen gabezia luzerako joango zela, eta helburutzat jarri genuen, behintzat Udalaren zerbitzuak kalitate onean jarraitzea eta oinarrizko jarduerak aurrera eramatea. Oinarrizkoez gain, beste hainbat gauza ere egin ditugu, gainera.

Zeintzuk dira lortutako helburu horiek?

Urte hasieran parte-hartze prozesu bat abiatu genuen Elexalde auzoa eraberritzeko. Garrantzi handia eman diogu, azken batean, nukleo-urbanoa eta zerbitzu-nukleoa delako. Zonalde horren etorkizunari begiratu diogu, ikuspegi feministatik: irisgarritasunari, mugikortasunari eta elkarbizitza guneei erreparatu diegu. Parte-hartzea handia izan zen, eta obra handi bat egiteko gaitasun ekonomikorik ez dugun arren, behintzat atalka egingo dugun proiektu integral oso bat dago. 

Horrez gain, Nerbioi ibaiaren zubi-begiak garbitu ditugu. Izan ere, euri jasa handiak daudenean urak zuhaitz handiak arrastatzen ditu, eta horien inguruan zuhaixkak eta sastrakak pilatzen dira. Uraren ibilbidea oztopatzen dute eta ibaiak gainezka egiten du.  Ez da lan erraza izan, garabi kamioi handiak eta arrastatze-makinak erabili behar izan ditugu. 
Bestalde, iaztik pendiente zegoen desfribiladoreak jartzea puntu ezberdinetan: Arrankudiagako zein Zolloko udaletxeetan, eskolan, futbol zelaian eta, obra amaitzean, Atxetako lokal sozialean. Hori ere egin dugu, eta Uribarrin komun publikoa jarri dugu.

Gainera, Manuel de Irujo enparantzan argiteria berritu dugu, azken urteetan herrian dauden gune ilunak argitzeko proiektua baitaramagu, segurtasunaren alde pausoak emateko bidean. 

Jaiak ere hor izan dira eta beti bezala oso jai parte-hartzaile eta herrikoiak egin ditugu, bai Arrankudiagan eta baita Zollon ere. Aurten gainera Palestinaren aldeko aldarriak oso presente izan dira bai jaietan eta baita hortik kanpo ere.

Palestinaren alde eta genozidioaren kontra hainbatetan mobilizatu gara eta erakutsi dugu Arrankudiaga-Zollon Palestinarekin elkartasuna bizi-bizi dagoela. 

Baita ere, herriko eragile eta talde guztiekin ditugun hitzarmenak berritu ditugu. Gure aldetik oso garrantzitsutzat jotzen dugu elkarlan hori, arlo askotan laguntzen duelako, adibidez, ekimen parte-hartzaileak egiteko eta gizarte antolatu zein dinamiko bat mantentzeko. 

Azkenik, balorazio oso positiboa egiten dugu Oxinburu bizigunearen jarduerari lotuta. Urtebete igaro da inauguratu genuenetik, eta arrakasta handia izan du. Badaude ikuskizunak, tailerrak, eskolaren ekitaldiak, pilates taldeak, jubilatuen bazkariak… 

Azpiegitura soziokultural hori etengabe dago jendez beteta, horretarako baitzen. Oxinburu egin genuen eta orain benetan bizigunea bihurtzen ari da.

Beste gauza batzuk geratu dira bidean, ordea.

Bai, gauza batzuk stand by-n daude eta beste gauza batzuk atzera bota dira. Horren adibidea da ura ponpatzeko proiektua: miloi erditik gorako inbertsioa da, eta udaleko aurrekontua 2 miloikoa da, beraz zati oso handi bat hartzen du. Proiektua lizitatu behar da, eta horrek dakarren lana ez da erreza idazkari kontu-hartzailerik gabe.

Idazkari kontu-hartzailearen falta luzetik datorren arazoa duzue. Zein da gaur egungo egoera?

Bi urte daramatzagu egoera honetan. Hilabete gutxiko izendapen batzuk egon dira, baina orokorrean postua hutsik egon da eta ezintasun horretan egon gara. Adibidez, iazko urritik aurtengo uztailera, bederatzi hilabete egon gara osoko bilkurarik egin ezinik. Horregatik, aurtengo aurrekontuak uztailean onartu genituen. 

Horrek guztiak kudeaketa arazo ugari ekarri ditu, eta azkenean erabaki genuen oposaketak martxan jartzea. Zazpi pertsonek gainditu dute eta horietatik baietza eman digu batek berriki. Urtarrilean bere izendapen formala egin beharko du Aldundiak, eta aurreikusten dugu urtarrilean bertan hasiko dela lanean. Espero dugu datorren urteko udaberrirako gure itsasontziak abiadura normala hartzea. 

“Uribarriko bidearen lizitazioa dagoeneko esleituta dago eta 2026an egingo da”

Aipatu duzu aurtengo aurrekontuak uztailean onartu zenituztela. Proiektu batzuk aurrera eraman dira geroztik.

Hala da. Esate baterako, lehen aipatu ditut Atxetako lokal sozialaren obrak. Martxan daude jada eta parte nagusiena eta zertifikazio garrantzitsuenak aurten egingo dira.
Lehen zegoen lokala bikoiztu da espazioari dagokionez, eta beste gune diafano bat sortu da ekintza kulturaletarako. Atxetako jendearentzako salto kualitatibo oso handia izango da. 
Bestalde, hiru lizitazio berri ditugu martxan: belarra mozteko makina berri bat, Oxinburuko gimnasiorako tresneria, eta argiteria publikoaren mantenua. Horiek ere jada lizitaziora atera ditugu, eta horretan lanean gabiltza topera. 

Datorren urteari begira, beraz zeintzuk dira erronka nagusiak?

Uribarriko bidearen lizitazioa dagoeneko esleituta dago eta datorren urtean egingo da. Proiektu garrantzitsua da guretzako, azken batean Iberlandatik hasi eta Uribarriraino heltzen den bidea baita. Oinezkoek eta ibilgailuek partekatuko dute eta horrek eskatzen du dena era berezian margotzea, jendeak ikus dezan bertan elkarbizi beharko dutela bai ibilgailu ezberdinek baita oinezkoek ere. Urte berriaren hasierarekin batera hasiko dira bidearen obrak. 

Horrez gain, lehen Nerbioi-Ibaizabal mankomunitatearen egoitza zen lokalean ikasgune bat egongo da. Eskaera handia dago ikasteko espazio bat jartzeko, batez ere gazteen aldetik. Telelana egiteko aukera ere egongo da bertan. Lan espazio isil bat izango da, eta gela bat ere egongo da bilerak zein talde-lanak egiteko.

Basogintzari dagokionez, duela bizpahiru urte onartu genuen hogei urtera begirako kudeaketa plan jasangarria. Datorren urteari begira, landaketa berriak egingo ditugu.

Komunitate energetikoa sortzeko proiektua ere duzue esku artean.

Udalak bi esperientzia ditu martxan, alde batetik eskolaren teilatuan fotoboltaikoak jarri genituen eta Udalaren eraikin desberdinak hornitzen ditugu horri esker. Bestalde, badugu komunitateak sortzearen proiektua, tailerrak egin ditugu Goienerrekin eta badago konpromisoa erakutsi duen jende talde bat.

Lehen momentutik interes handia sortu zen, eta momentuz mantendu egin da. Pozik gaude, gurea bezalako herri txikietan masa kritikoa ez baita oso handia izaten, eta beraz, horrelako ekimenek denbora eta mimo handia behar dute.

Euskarari lotutako plan bat ere baduzue.

Euskara Batzorde bat sortzen ari gara, baina ez dugu nahi instituzionala izatea, herrikoia baizik. Horretarako, lehen aipatutako taldeen eta eragileen parte-hartzea bilatu nahi dugu, elkarlanean aritzeko, gakoa euskararen erabilera izanik. 
Herriko euskararen ezagutza maila oso altua da eta UEMAko kide gara, baina nik arrakala bat ikusten dut ezagutza altua izan arren erabilerak ez duelako aurrera egiten, eta askotan atzera egiten duela dirudi. Inoiz baino euskaldun gehiago ditugu herrian eta inoiz baino gutxiago egiten da euskaraz. Nahiko arazo orokorra izan arren, guk gureari begiratzen diogu batez ere, eta honetan ere tinko ekingo diogu.

Hori guztia egiteko giltzarria aurrekontua da eta iaz berandu ibili baginen ere, aurten espero dugu aurrekontuak abenduan onartzea eta 2026 urtean kontu horiek martxan jartzea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide