Arrankudiaga-Zolloko haurrek lurra esnatu dute makil-kolpez

Maider Ramirez Martin 2026ko otsailaren 12a

Arrankudiaga-Zolloko haurrek 5 1770899146153
Arrankudiaga-Zolloko haurrek 1 1770899124049
Arrankudiaga-Zolloko haurrek 2 1770899132752
Arrankudiaga-Zolloko haurrek 3 1770899136766
Arrankudiaga-Zolloko haurrek 4 1770899142027

Goiz eta arratsaldez arituko dira herriko auzoetan zehar kantu-eskean eta Palestinako familiei emango diote batutako dirua.

Eguen Zuri eguna dute gaur Arrankudiaga-Zollon. Ohiturari jarraiki, Inauterietako ostegunean, eskolako neska-mutilek herriko auzotik auzora igaro dute goiza, urteroko kanta propioa abesten.

Ikasle guztiek eskolako plazan kantatu dute lehendabiziko aldiz, eta taldetan banatu eta herriko bazter ezberdinetara jo dute ostean. Eguerdi aldera Garondon bildu dira denak, goizari amaiera emateko.

Arratsaldean, 16:15ean, berriro aterako dira eskolako plazara, azken aldiz abesteko eta txokolatada egiteko. Etxez etxe bildutako dirua Palestinako zenbait familientzat izango da.

Tradizio zaharra bizirik

Tradizio zaharrak bizirik mantentzeko gaurkotu behar dira maiz. Izan ere,  garai batean oilar bat eramaten zuten gazteek saski batean, eta kantuan ibili eta gero makil-kolpez sakrifikatzen zuten. Gaur egun, ordea, Pedro Bidaniaren margolan bat daramate Arrankudiagako gazteek oilarra irudikatzen, estandarte gisa. 

Kantatzen dituzten koplak, ordea, ia ehun urte abesten ziren berberak dira:

Eguen zuri egune
kolore ederreko egune
mendi gainean lainu parduak
eta azpian eguzki zuria.

Herri honetako neska-mutilak
zuen aurrera gatoz gaur
triparentzako eskatzen dogu
solomorik ahal badozu.

Oilar gorria ta bai ederra
ta gure palu daukagu
honentzat ere eskatzen dogu
zeredozer ahal badozu.

Etxeko andrie begire dago
zeruko aingeru dirudi
errukitu gugaz eta ahal badozu
ogerlekotxu bat emoiguzu.

Orain hemendik bagoaz eta
agur hurrengo artian
agur hurrengo artian
osasun onagaz bizi. Eup!!

Argazkiak: Txomin Egiluz eta Aiaraldea Komunikabidea

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide