Edurne Ellakuria eta Txomin Egiluz herritarrek jarraitzen dute oroimen historikoaren esparruan lanean eta argitu dute aspaldi erantzun gabe zegoen galdera bat: Zer gertatu zen Francisco Garteiz Ipiña Eusko Gudarosteko borrokalariarekin?
Garteiz Barakaldoko Arnabalgo auzokidea zen, baina Arrankudiaga-Zollon, Zelaiko auzunean, bizi zen 1936an altxamendu faxista hasi zenean. Orduan, militar matxinoen eta erreketeen zein falangistei erasoei aurre egiteko Araba batailoian eman zuen izena.
Lehenik eta behin, Estabilo konpainian aritu zen, baina abenduan Urrutia metralaidaore konpainian borrokatu zen martxoko amaierara arte. Gero Malato batailoian egon zen eta bigarren konpainiako sarjentua izendatu zuten.
Ellakuriak eta Egiluzek azpimarratu dutenez, dokumentazioak agerian utzi du maiatzean kobratu zuela soldata Malaton, baina aintzat hartu beharra dago ekainean armada frankistak Bilbo eraso zuela. Hiriburuaren defentsan Malatoko unitateek baja ugari izan zituzten eta gero frankisten menpe geratu ziren.
Une horretan galdu zen Francisco Garteiz Ipiñaren aztarna, eta hainbat hamarkadatan familiak ez du horren berririk izan. Edonola ere, fitxategi ezberdinak arakatuta, herritarrek irakurri zuten Loiuko ospitalean hil zela gudaria azaroaren 6an, biriketako tuberkulosiaren ondorioz. Bi egun beranduago Bilboko Udal Hilerrian ehortzi zuten -Derion- eta 1948an bere gorpuzkiak atera, Bilboko hezurtegira eraman eta erre zituzten.
Bere heriotzaren data eta arrazoia argitzea lorpen handia izan da herri ikertzaileentzat, bereziki senideei jakinarazteko. Dena den, Ellakuriak eta Egiluzek ezin izan dute egiaztatu zer gertatu zen Malato batailoia desegin zenetik gudaria hil zen arte, eta zalantza ugari dituzte (Laredon edo ospitalean harrapatu ote zuten eta zein neurrian izan zen errepresaliatua, adibidez).