Arraunk the World azoka antolatuko dute Arrankudiaga Eskolako 3. zikloko ikasleek datorren maiatzaren 28an. Arrankudiaga-Zolloko plaza jardueraz beteko dute, 15:00etatik hasi eta 17:00ak arte: jatorri desberdinetako mokaduak, ikasleen eskulanak, bigarren eskuko azoka... Ikasleek Nerbioiko ur-jauzia bisitatzeko txangoa finantzatu nahi dute ekimenean bildutako diruarekin.
Arrankudiaga Eskolako Ariane eta Lucia 3. zikloko irakasleek aletu dizkigute azokaren nondik norakoak. Ikastetxean proiektuka lan egiteko duten metodologiaren barruan kokatu dute Arraunk the World azoka antolatzeko nahia. "Beti saiatzen gara egiten ditugun proiektuek ikasleentzako zentzu bat izatea eta helburu erreal bat edukitzea. Horrela, ikasleen motibazioa eta parte hartzea askoz handiagoa izaten baita", azaldu diote bi irakasleek Aiaraldea Komunikabideari.
Irakaspen integrala
Hain zuzen ere, Ura eta itsasoa eta Jaiak eta janaria izan dira Arrankudiagako ikasleek ikasturte honetan landutako bi proiektuak: "Jaiak eta janaria proiektua hastear zegoenean, eskola osorako jaialdia prestatzeko proposamena bota zuten ikasleek, jaialdi horretan gauza desberdinak saltzeko asmoarekin eta ateratako diruarekin irteera hori egiteko autobusa ordaindu ahal izateko. Beraz, ideia ona zela pentsatu genuen, gure lan guztiak helburu erreala baitzeukan".
Gauzak horrela, buru-belarri jarri ziren ikasleak maiatzaren 28ko azoka antolatzen. Irakaspen integrala izan da Arrankudiagako gazteentzat. Izan ere, arlo desberdinak barneratu dituzte merkatua prestatzeko lanetan: aurrekontuak irakurtzea, BEZa kalkulatzea, ehunekoen beherapenak ikastea, herrialdeen demografia, errezetak...
Ekintza bete azoka
Askotariko jarduerak egingo dituzte maiatzaren 28ko Arraunk the World azokan. Horrela zerrendatu dituzte eskolako irakasleek: "Musika egoteaz gainera, gure geletako jatorri aniztasuna aprobetxatuz, herrialde desberdinetako lau postu antolatu ditugu, hauetan herrialde horien informazioa eta errezeta gazi eta gozo bana egongo dira. Horretaz gainera, hainbat eskulan sortu ditugu: eskumuturrekoak, giltzarriak, oihalezko poltsak… Azkenik, bigarren eskuko gauzak jasotzen ari gara, herriko familiek ekarritakoak eta hauek salduko ditugu ere".
Ikastetxeko lantaldearena ez ezik, guraso elkartearen, udaletxearen edota jai-batzordearen laguntza ere jaso dute ikasleek azoka antolatzerako orduan. Arrankudiaga Eskolatik herritar orori luzatu diote jaialdian parte hartzeko gonbita, ikasleek egindako "lan handia balioan jarriz".