Bihar 18:30ean Kosi! euskara elkartearen aurkezpena egingo dute Oxinburuko areto nagusian. Hasieran taldeko kideek hartuko dute hitza euren helburuen berri emateko. Gero Asier Galarzak bakarrizketa eskainiko du eta amaitzeko Gure Zirkurako bi sarrera zozkatuko dituzte.
Aipatu beharra dago elkarteak Kosi hitza ("hartu" esanahia duena) hautatu zuela herrikoa delako: "Bertako hitz bat nahi genuen, laburra, deigarria eta zentzua zuena. Hainbat izenen artean kosi euskara!-k lelo bezala indarra zuela iruditu zitzaigun".
Berez, Kosi!-ren abiapuntua aspaldikoa da. 2023an Arrankudiaga-Zollo UEMAn sartu zen. Ondorioz, euskara sustatzeko AROA plan estrategikoa egin zuten Udalak eta UEMAk, parte-hartze prozesuaren ostean.
Elkartearen azken helburua hizkuntza ohiturak eraldatzea denez, lehenik eta behin euskararen herriko diagnosia egin nahi dute.
Azaldu dutenez, bide horretan topo egin zuten zenbait herritar hasi ziren lantzen egitasmoa: "Hainbat eragilek eta herritarrek hartu genuen parte. Gure herrian euskarak zituen hutsune eta erronka nagusiak identifikatu genituen eta horietako batzuei erantzuteko euskara elkarte bat sortzeko ideia irten zen. Urtebete geroago herriko euskaltzale batzuek euskara elkartea sortzea erabaki genuen. Hainbat elkartek euskara lantzen dute, baina ez dute ardatz gisa hartzen".
Herriko diagnosia
Elkartearen azken helburua hizkuntza ohiturak eraldatzea denez, lehenik eta behin euskararen herriko diagnosia egin nahi dute: "Baditugu usteak, baina datuak nahi ditugu. Horretarako, datozen hilabeteetan elkarteetan lan egiten hasiko gara eta kale-neurketa egingo dugu. Emaitzak ikusita, eta gabeziak identifikatuta nondik eragin dezakegun aztertu nahi dugu. Helburu nagusiak dira ohiturak aldatzea eta euskarak herrian presentzia handiagoa izatea".
Azterketak ematen dituen datuen arabera erabakiko du Kosi!-k non eragin eta nora bideratu indarrak.