Uztailaren 1ean gimnasioa irekiko dute Oxinburun. Asier Barruetabeña Arrankudiaga-Zolloko udal gobernu taldeko zinegotziak azaldu duenez, hutsune bat beteko du kirol azpiegiturak. Izan ere, alde batetik gimnasioa egongo da eta bestetik gela aktiboa.
Berez, astelehenean bertan udal webgunean gaituko dute aukera izena emateko eta abonua eskuratzeko; modu ezberdinak egongo dira iraupenaren arabera. Gero txartela jaso beharko dute erabiltzaileek udaletxean.
Asteazkenetik aurrera azpiegitura horien ordutegia 07:00etatik 22:00ak arte izango da, salbu astearte eta ostegunetan, 14:00etatik 15:00etara itxita egongo da, ordubetez garbiketa lanak egongo baitira.
Gimnasioa eta gela aktiboa
Udal ordezkariak aipatu duenez, bi eremu ezberdin egongo dira kirola egiteko. Alde batetik, beheko solairuan gaitasun kardiobaskularra lantzeko makinak egongo dira (korrika egiteko zinta, mota ezberdinetako txirrindulak...) eta gorputzaren atal guztietako giharrak indartzeko makinak.
Goian, aldiz, gela aktiboa egongo da. Horretan ohikoan pilates klaseak egiten dituzte, baina parada egongo da astean bertan erreserbatzeko eta bestelako ariketa fisiko funtzionalagoak egiteko, betiere ikastarorik ez badago.
Monitorea bi egunez
Udala dago ekimen horren atzean, Oxinburu irekitzean sumatu zutelako gabezia bat zegoela esparru horretan. "Herriko jende asko joaten da kanpora", azaldu du Asier Barruetabeñak.
Gauzak horrela, tokiko erakundeak ahalegin gehigarria egin du eta asteartetan goizez eta ostegunetan goizez eta arratsaldez (6 ordu astero guztira) monitore bat egongo da gimnasioan. Bere lana izango da makinen funtzionamendua azaltzea eta planifikazioa eskaintzea ariketa fisikoa egiteko orduan.
Zinegotziak erantsi du aldagelak, dutxak eta armairuak ere instalatu dituztela, erabiltzaileek arropa eta zapatak utz ditzaten.