Arrankudiaga-Zolloko Udalak 25 plazako aparkalekua eraikitzeko egitasmoa aurkeztu zuen atzo, azaroan amaitu nahi baitute obra. Berez, tokiko erakundeak uste du auzo sakabanatuak dituen herrian baliagarria izan daitekela horrelako azpiegitura bat, zerbitzu publikoak ematen diren inguruan.
Gauzak horrela, asmoa da Gaztetxearen aurrean dagoen lursailean 25 plazako aparkalekua egitea. Horretarako, han dauden obra hondakinak eta materialak baliatuko dituzte, ibilgailuak uzteko eremua atondu eta errepide nagusira (Bi-625) irteera bat sortzeko, hondeamakinak lagunduta.
Axier Barruetabeña Berganza zinegotziak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari proiektua ez dela behin betikoa izango. "Lursail horien zati bat jabe pribatuenak dira eta etxebizitzak eraiki daitezke bertan, Udala eta eurak ados jarriz gero. Horregatik esaten dugu low cost esku-hartzea izango dela. Hau da, inbertsio txikia egin nahi dugu eta jendeak erabiltzen badu, hurrengo urtean hobetu. Edonola ere, ez diegu atea itxi nahi etxebizitzei".