Kirolak ohikoan baino presentzia gehiago izango du aurten Arrankudiagako jaietan. Izan ere, udalerriko trail lasterketa antolatzen duten kideei egokituko zaie pregoia irakurri eta jaiei hasiera emateko suziria pizteko ohorea. Ez zuten espero, baina pozik jaso dute proposamena. “Urte asko daramatzagu lanean trail lasterketa prestatzen eta, guretzako, egindako lanaren aitorpena da”, adierazi diote Aiaraldea Komunikabideari. Aurreratu dutenez, antolakuntzako talde txiki bat arduratuko da Gizarte Etxeko balkoira igo eta festari hasiera emateko hitzartzea botatzeaz. Hala ere, herri osoari eskerrak emateko baliatuko dute okasioa, pregoia “herri osoarena” dela uste dutelako. “Mila biztanleko herri batean ehunetik gora laguntzaile aritzen dira lasterketa prestatzen eta hori harro egoteko modukoa da. Trailaren arrakasta herria bera da eta eguna bera, kohesio ariketa izugarria herri bezala”, nabarmendu dute.
“Mila biztanleko herri batean ehunetik gora laguntzaile aritzen dira lasterketa prestatzen eta hori harro egoteko modukoa da”
14 urteko ibilbidea
2012ko urriko igande batean hasi zen dena. “Lasterketa xume bat” antolatu zuten orduan, “hamar kilometro pasatxokoa, oso herrikoia”. Lehena izateko baina, arrakasta nabarmena izan zuen ekimenak, 122 korrikalarik amaitu baitzuten erronka. Orduko hartan ez zuten sumatzen “gutxi batzuen hasierako asmo hura herriko ekitaldirik handienetako bat” bihurtuko zela. Izan ere, gorriz markatutako data bilakatu da trailarena Arrankudiaga-Zolloko egutegian, hirurehundik gora korrikalari hurbiltzen baitira urtero “euren familia eta lagunekin, ikusle eta kuriosez aparte”.
Kuantitatiboki soilik ez, kualitatiboki ere hobetuz joan da proba urtez urte. “Beti saiatzen gara parte hartzaileen balorazioak kontuan hartu eta gure lasterketak gutxinaka gutxinaka hobetzen”, azaldu dute antolatzaileek.
Hala ere, hankak lurrean dituzte. “Makroekitaldi eta izen handiko lasterketen garai honetan”, Arrankudiaga-Zollon beste faktore batzuetan jartzen dute fokoa: parte hartzaileetan, herriko biztanleetan, inguruko mendietan… Izan ere, horiek dira “benetan zaindu beharreko baloreak”, antolatzaileen aburuz, “horrela egiten baita herria”. Ildo horretan, uste dute Arrankudiaga-Zollokoa ez dela kirol-proba hutsa, “herria ezagutzeko eta maitatzeko modu bat” baizik.
Urte osoko lana da trailarena. Zortzi pertsonako “talde anitz bat” aritzen da egunerokoan lanean, baina jende gehiagoren babesa jasotzen dute data hurbildu ahala. Modu horretan, “ia herri osoak” parte hartzen du ekimenean, “modu batean edo bestean”. Gainera, geroz eta jende gehiago batzen ari da taldera, eta ideia berriak ekarri ditu horrek, egunean bertan txertatzen joan direnak.
Aurtengo edizioari so
Behin jaiak pasata, trailaren antolakuntzan buru belarri sartuko dira pregoilariak. Urriaren 24an izango da aurtengo zita, eta iazko ibilbide berdinak mantenduko dituzte: 8 kilometroko trail herrikoia eta 21 kilometroko mendi maratoi erdia. Horrez gain, umeen krosak antolatuko dituzte goizean, eta Txirrits txaranga arduratuko da arratsaldea girotzeaz.
Bezperan, aldiz, elkartasun erronka egingo dute berriz, baina aldaketa batekin: taldekakoa izango dela. “Herritarrez osatutako zenbait talde arituko dira lehian indar, logika zein abiadura probetan, besteak beste”, aurreratu dute antolatzaileek. Iaz bezala, Eskerrak ahulak garen elkarteari emango diote egunean bildutako dirua.