Atxetako lokal soziala eraberritu eta alboko lonja ere gaitu du Udalak. Azpiegituraren azalera bikoiztu da lanen ondorioz eta laster bi gune osagarriak egongo dira herritarren eskura.
193.953,51 euroko inbertsioa egin du Udalak bi hamarkadaz irekita egon den txoko edo alkargunea eraberritu eta alboan duen lonja erabilera soziokulturalerako egokitzen. Horretarako, 134.704,00 euroko diru-laguntza lortu du tokiko erakundeak Bizkaiko Foru Aldundiaren kultur ekipamenduetarako funtsetatik.
Udalak azaldu duenez, egindako lanen artean, ateak eta leihoak aldatu dira isolamendu termiko eta akustiko egokia bermatzeko. Era berean, bi lokalak margotu eta zorua, sabaia, eta instalazio elektrikoa berritu dira. Komun berriak ere egokitu dira bi aldeetan. Irisgarritasun unibertsala bermatzen dela ziurtatu du tokiko erakundeak.
Prozesu parte-hartzaile baten ostean zehaztu dituzte Atxetako auzokideek bi espazioen erabilerak: "Jadanik martxan egon den lokalak eguneroko txoko edo elkargune izaera mantenduko du, bere sukalde eta guzti. Tamaina bereko ondoko lonjan espazio diafanoa egokitu da kultura-areto komunitario gisa. Bi guneak osagarriak dira eta, alde kulturaletik zein sozialetik, Atxeta-Zuloaga auzoan kohesioa eta bizitza komunitarioa biziberritzeko funtsezko ekipamenduak", adierazi du Arrankudiaga-Zolloko Udalak.
Obrak amaitu diren arren, espazioak ez daude oraindik herritarren eskura. Izan ere, Txutxi Ariznabarreta alkateak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, iraileko lehenengo astean bilduko da Udala auzokideekin, inaugurazio-data zehazteko.