Arrankudiaga-Zolloko bi boxeozale kirol horrekin lehen harremana izan nahi dutenentzako ikastaroa antolatu nahi dute herrian. Helburu horrekin bilera deitu dute abuztuaren 31n, astelehenean, Oxinburun, Sormen gelan.
Izan ere, Udalak gela bat lagako die astean behin boxeo klaseak emateko. Egitasmoaren bultzatzaileek azaldu dute saioak ez direla izango fisikoki exijenteak eta asmoa dela boxeoaren teknikak erakustea, betiere "balio aurrerakoiak eta antifaxistak bultzatuta, baita jarduera fisikoa, eta autodefentsa irizpide batzuk ere eta profesionalismotik at".
Berez, ideia mamitu dutenen artean badaude Karmela espazioan gimnasio herrikoia kudeatu dutenak eta, ondorioz, eskarmentua daukate.
Gauzak horrela, astelehenean bilera egingo dute ikusteko zenbat herritar interesdun dauden eta eguna eta ordutegia zehazteko. "Bizilagun batzuek jadanik adierazi digute etorriko direla, baina batzar irekia da", argitu dute.