Goiz kitzikagarria egongo da bihar Iberlandan, 12:00etatik aurrera, euria egin ala ez. Izan ere, Arrankudiaga-Zolloko Herri Erronka egingo dute. "Crossfit-hyrox-Herri kirolak-kanpamentuetako jokoak Arrankudiagako erara" uztartuko dituzte, antolatzaileek azaldu dutenez eta 24 lagunek parte hartuko dute guztira, guztiak herrikoak.
Lau taldek eman dute izena: Izerdi eta Algarak, Doble I Doble J eta Doble M, Komando eta Garondo. Talde bakoitzean sei partaide daude, eta bakoitzak 25 urte baino gutxiagoko eta 45 urte baino gehiagoko kide bana izan behar ditu, gutxienez, eta horretaz aparte 2 neska edo 2 mutil, gutxienez.
Bi talde onenek astebete barru herriko plazan egingo duten finalean parte hartuko dute, Arrankudiaga-Zolloko Trailaren bezperan.
Eskerrak Ahulak Garen
Iaz Goikogane Erronka egin zuten eta Eskerrak Ahulak Garen elkarteari eman zioten eskuratutako dirua. Aurten Arrankudiaga-Zolloko Erronkan konpromisoa mantenduko dute: "Asko baloratzen dugun egiten duten lana eta guk ere gure hondar alea jartzen saiatzen gara".
Ekarpen ekonomiko egitea edonoren esku egongo da finalean, bi euro jarrita.