Urriaren 24an izango da XIII. Arrankudiaga-Zollo Trail lasterketa

Garazi Cuadra Alvarez

Iazko lasterketako irudi bat. / Aiaraldea.eus

Izen-ematea urriaren 22ra arte egongo da zabalik, eta antolakuntzak 450 parte-hartzaileko muga ezarri du bi proben artean.

Arrankudiaga-Zollo Trail lasterketaren 13. edizioa urriaren 24an, larunbatean, egingo da. Arrankudiagan bertan hasi eta amaituko den mendi-lasterketak bi proba eskainiko ditu helduentzat: Mendi Maratoi Erdia eta Trail Herrikoia. Horrez gain, haurrentzako lasterketak ere prestatu dituzte.

Antolakuntzak guztira 450 parte-hartzaile onartuko ditu bi proben artean. Izen-ematea urriaren 22ra arte egin ahal izango da, Sportmaniacs plataformaren bidez.

Mendi Maratoi Erdia 15:30ean abiatuko da, korrikalariek 21,1 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, 970 metroko desnibel positiboarekin. Izen-emateak 18 euro balio du aurrez eginez gero; bezperan edo lasterketaren egunean izena emanez gero, berriz, 25 euro ordaindu beharko dira.

Trail Herrikoia, aldiz, 16:00etan hasiko da, proba horrek 7,9 kilometroko ibilbidea izango du, 410 metroko desnibel positiboarekin. Aurrez izena emateko prezioa 13 eurokoa da, eta bezperan edo lasterketaren egunean izena emanez gero, 16 eurokoa.

Bi probetan banakako sailkapeneko lehen hiru emakumeak eta lehen hiru gizonak sarituko dituzte, baita Arrankudiaga-Zolloko lehen emakumea eta lehen gizona ere.

Dortsalak jasotzeko ordutegia eta zerbitzuak

Dortsalak urriaren 23an, ostiralean, jaso ahal izango dira, 18:00etatik 19:30era, Arrankudiagako Oxinburu biziguneko alkargunean. Lasterketaren egunean ere eskuratu ahal izango dira, proba bakoitza hasi baino ordu erdi lehenagora arte.

Parte-hartzaileek hainbat zerbitzu izango dituzte eskura: korrikalarientzako poltsa, komunak, dutxak, aldagelak, aparkalekua, mediku-zerbitzua, kronometraje ofiziala eta helmugako megafonia.

Horrez gain, zozketa, trofeoak, dominak eta haurrentzako krosa ere izango dira. Antolakuntzak arropa aldatzeko zerbitzua ere iragarri du.

Iazko edizioak 300 korrikalari baino gehiago bildu zituen

Iazko edizioan 300 korrikalari baino gehiagok hartu zuten parte. Trail Herrikoian, honako hauek osatu zuten podiuma:

  • Emakumeak: Jone Gartzia Gerra (1.), Janire Velasco (2.) eta Arene Isusi (3.).
  • Gizonak: Mikel Larrinaga (1.), Ibai Perez (2.) eta Endika Aldama (3.).

Herriko korrikalarien artean, Oihan Gorostizaga eta Irune Aspiazu izan ziren azkarrenak.

Mendi Maratoi Erdian, berriz, honako hauek izan ziren lehen hiru postuetan:

  • Emakumeak: Marisol Gomez (1.), Oihane Alonso (2.) eta Beatriz Pacho (3.).
  • Gizonak: Jon Durana (1.), Ion Artetxe (2.) eta Alexander Ordeñana (3.).

Proba horretan, Aitor Izagirre zolloarra izan zen tokiko atletarik bizkorrena.

Herriko kirol-ekitaldiaren aitortza

Arrankudiaga-Zollo Trail lasterketaren antolatzaileek udalerriko Andra Mari jaietako pregoia irakurri zuten abuztuaren 14an.

Ekitaldi horretan, lasterketaren antolatzaileek urteotan egindako lanari aitortza egin zitzaien, lehen ediziotik hamalau urte igaro direla gogoratuz.

Kirola, natura eta herriko giroa uztartzen dituen hitzordua izango da, beste behin, Arrankudiaga-Zolloko Trail Lasterketa.

Arrankudiaga-Zollo Trail lasterketan izen-emateko sakatu hemen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide