Arrankudiaga-Zolloko aisialdi eskaintzaren %61,3 euskaraz egiten da

Garazi Cuadra Alvarez

Arrankudiaga-Zollo Aiaraldeko udalerri euskaldunena da. / Aiaraldea.eus

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren 2026ko txostenak agerian utzi du euskarak presentzia handia duela herriko aisialdian, baina oraindik ere gaztelaniak pisu nabarmena duela hainbat jardueratan.

Arrankudiaga-Zollo aisialdi eskaintzaren hizkuntza errealitatea aztertu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak 2026ko txostenean. Ikerketa horren bidez, udal eskaintza publikoaren eta pribatuaren hizkuntza errealitateta aztertu da, indarguneak identifikatzeko eta oraindik hobetu beharreko eremuak zeintzuk diren ikusteko. 

Arrankudiaga-Zollo Aiaraldeko udalerri euskaldunena da, euskararen ezagutza eta erabilera eskualdeko batez bestekoaren gainetik daude eta udalerria UEMAren parte da. Horrek esan nahi du herritarren gehiengo handi batek euskaraz bizitzeko gaitasuna duela eta hizkuntzak presentzia handia duela herriko bizitzako hainbat esparrutan. Hala ere, udalerri euskaldunena dela kontuan hartuta, espero liteke euskararen presentzia are handiagoa izatea. 

Txostenaren arabera, Arrankudiaga-Zolloko aisialdi jardueren %61,3 euskaraz eskaintzen dira, eta %38,7 gaztelaniaz. Datu horiek erakusten dute euskarak presentzia handia duela herriko aisialdian, baina oraindik badagoela hobetzeko tartea.

Aisialdi jardueren %61,3 euskaraz eskaintzen dira, eta %38,7 gaztelaniaz.

Udal eskaintza publikoan euskararen presentzia handiagoa

Udalaren eskaintza publikoari dagokionez, aztertutako 31 jardueretatik %58,1 euskaraz eskaintzen dira eta %38,7 gaztelaniaz. Era berean, ez da jarduera elebidunik identifikatu.

Helduentzako eskaintzan euskarak presentzia handiagoa du, jardueren %64,7 euskaraz egiten dira eta %35,3 gaztelaniaz. Haur eta gazteei zuzendutako jardueretan, berriz, %57,1 euskaraz eskaintzen dira eta %42,9 gaztelania hutsean.

Arloz arloko azterketak ere alde nabarmenak erakutsi ditu. Kirol jarduera guztiak euskaraz eskaintzen dira (%100). Artearen arloan, aldiz, jarduera guztiak gaztelaniaz egiten dira. Bi errealitate horien arteko kontrasteak agerian uzten du euskararen presentzia ez dela berdina aisialdi arlo guztietan.

Kirol jarduera guztiak euskaraz eskaintzen dira (%100). Artearen arloan, aldiz, jarduera guztiak gaztelaniaz egiten dira.

Aisialdi sare osoan eragiteko beharra

Txostenak azpimarratu du erronka ez dela udal eskaintza publikora mugatzen. Izan ere, herriko elkarteek, kirol taldeek, akademiek eta kultur eragileek ere eragin zuzena dute herritarren hizkuntza ohituretan.

Haur eta gazteen eskaintzan jerri du arreta bereziki Kontseiluak. Izan ere,  udal eskaintza publikoan adin-tarte horri zuzendutako jarduera guztiak euskaraz eskaintzen diren arren, aisialdi eskaintza osoa kontuan hartuta, jardueren %42,9 gaztelaniaz egiten dira. 

Hobekuntzarako proposamenak

Egoera hobetzeko, hainbat neurri proposatu ditu Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak, honakoak besteak beste: helduentzako euskarazko aisialdi eskaintza handitzea, herriko eragileekin elkarlana sustatzea eta haur eta gazteen jardueretan euskararen erabilera sendotzea.

Horrez gain, udalaren kontratazioetan eta dirulaguntzetan hizkuntza irizpideak txertatzea eta aisialdia euskaraz bizitzearen inguruko sentsibilizazio lana indartzea gomendatu du.

Azkenik, txostenak urteroko edo bi urterik behingo jarraipen sistema ezartzea proposatu du, euskararen presentziaren bilakaera neurtzeko eta hartutako neurrien eraginkortasuna ebaluatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide