Artziniegako Mendi Duatloiaren lehen edizioa jokatuko da etzi 16:00etan, hiru sektoreko ibilbidean.
Proba Euskal Herriko zirkuiturako baliagarria izango da eta larunbatera arte eman daiteke izena.
Orain dela aste bi Urduña bisitatu ostean, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua Aiaraldera itzuliko da larunbat honetan, Artziniegara, hain zuzen ere. Lehenengo aldiz helduko da bertara, Ganzorrotz MKEk eta Txirrindulari elkarteak batera antolatutako lasterketari esker, udalaren eta beste hainbat laguntzaileren babesarekin.
Zirkuituko seigarren proba
Esan bezala, Artziniegako duatloia Euskal Herriko zirkuituaren barruan dago. Txapelketa udagoien osoan zehar jokatzen da eta dagoeneko beste 5 proba burutu dira.
Beraz, lehia bete-betean helduko dira lehen postuetan borrokan ari diren kirolariak; orain arte Aitor Perez Arrieta dabil buruan, eta oso hurbil dauka oso sasoi puntu onean dagoen Jon Durana urduñar gaztea.
Emakumezkoetan Zuriñe Frutosek aukera izango du bere herrian zirkuitu osoan zehar erakutsi duen nagusitasuna berresteko.
Hiru sektoreko ibilbide arina eta erraza
Lasterketaren xehetasunei dagokienez, mota honetako duatloi guztiek lez, hiru sektore izango ditu: lehenengoa korrika, bigarrena bizikletan eta hirugarren ostera ere korrika.
Irteera eta helmuga puntua Hiriko Atean kokatuko da, non trantsizioa egiteko boxeak egongo diren. Bertatik abiatuko dira 16:00etan 5,6 km-ko oinezko ibilbideari ekiteko.
Jarraian, trantsizioa egin eta mendiko bizikletako sektorean 13,7 km bete beharko dituzte, Soxogutiko goialdeko basabideetatik.
Amaitzeko, 1,6 km-ko sektore urbano bat izango dute, alde zaharrean zehar. Ibilbide azkarra eta polita da, etaaa gaaainera egoera onean dago, oso euri gutxi egin duelako.
Hornidurari dagokionez, edatekoa egongo da 1. sektorean eta edatekoa eta jatekoa bigarrenean. Helmuga puntuan ere jatekoa eta edatekoa egongo da eta txitxiburduntzia amaitu ostean.