Zuriñe Frutos artziniegarrak asteburu gogorra izan du, larunbatean Urduñako mendi duatloia eta igandean Granadaraino joan behar izan ostean. Urduñan bigarren postua eskuratu zuen, Marta Fullana irabazlearengandik segundu gutxitara helmugaratu ostean. Igandean, aldiz, ez zuen Sky Series txapelketako Granadako proban parte hartu beharrik izan, sailkapen nagusiko lehen postua ziurtatuta baitzeukan.
Kalanbreei aurre eginez, 2. postua Urduñan
Larunbatean Urduñako mendi duatloian parte hartu zuen Zuriñek. Igartza, Ibarra eta Zeanuriko duatloietan garaipena lortu ondoren, Euskal Herriko zirkuituko lidergoarekin joan zen Urduñako urrezko duatloira. Hala ere puntako parte hartzaileak izan ziren Aiaraldeko herrian eta azkenean munduko txapelduna izandako Marga Fullanak aurre hartu zion Urduñako helmugan.
Artziniegako duatloilariak kalanbre ugari izan zituen proban zehar baina mendi bizikletako zatian Marga Fullanari asko gerturatu zitzaion, 15 segunduko errenta izan arte. Azken sektorean, artziniegarrak ezin izan zuen duatloilari kataluniarra harrapatu eta 20 segundutara helmugaratu zen, lortutako emaitzarekin pozik geratuz.
Urduñatik Granadara Sky Runners Serieseko garaikurraren bila
Larunbatean bertan Granadara abiatu zen, igandean Sky Runners Series txapelketako garaikurra jasotzeko. Hasieratik lidergoa eskuratu zuen artziniegarrak, parte hartutako 4 probetatik bi irabaziz eta Granadako proban parte hartu gabe txapelketa irabaztea lortu du Zuriñek.